Testuinguru ziurgabera egokituta, %17an igo da Fagor Taldearen fakturazioa 2021ean

Jon Irizar Aranguren 2022ko eka. 2a, 16:41
Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko presidentea, Batzar Nagusian egindako hitzartzeetako batean. (Argazkia: Fagor Taldea)

Eguen goizean egin du Fagor Taldeak 2022ko Batzar Nagusia, eta ziurgabetasun egoeran erakutsitako moldatze gaitasuna azpimarratu dute arduradunek. Zenbakitan, 2020an baino %17 gehiago fakturatu zuten 2021ean; %104an hazi dira irabaziak. Horrez gain, lau urtetarako izan da berrautatua Joxean Alustiza Usandizaga taldeko egungo presidentea.

"Uneko testuingurura egokitzen jakin dugu, moldatuz, eta, aukerak sortu direnean, aprobetxatuz". Horiek izan dira Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko presidenteak Batzar Nagusian ahotan hartu dituen hitzak. Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan bildu dira kooperatibako arduradunak, eta besteak beste, urtearen errepasoa, emaitzak, kudeaketa plana zein aurrera begirako proiektuak izan dituzte hizpide.

2020a, zenbakitan

"Pandemia bat, Ukrainako gatazka, energiaren garestitzea... Horiek eragin zuzena izan dute gure jardunean", adierazi du Alustizak. Testuinguru ziurgabera egokitzeko gaitasunak, baina, "fruituak" utzi ditu kooperatiban; hots, 1.482 milioi euro fakturatu ziren 2021ean Fagor Taldeko kooperatibetan –2020an baino %17 gehiago–, eta 57,97 milioi eurokoak izan ziren irabaziak –joan zen urtean baino %104 gehiago–. "Orain, testuinguru nahasian, oreka bilatzen segitzea dagokigu", gaineratu du presidenteak.

Alustiza, aurrera begira

Alustizak ere izan du protagonismoa batzarrean. Izan ere, lehendakari kargua bozkatu da, eta lau urtetarako izan da berrautatua ezkiotarra. Esku artean dituzten proiektuez zein epe luzera begirakoez mintzatu da Fagor Taldeko presidentea kargua berrestean. Paradigma berrien aurrean, "hilabeteetako prozesua" izango den gobernantza eredu demokratikoaren eguneraketari eman dio garrantzia: "Funtsezkoa da kooperatiben eta Taldearen garapen ekonomiko, sozial zein instituzional iraunkorra bermatuko duen gobernantza eredu egokia bilatzea, kultura kooperatiboa eta bazkideen erantzukidetasuna oinarri izango dituena".

Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaz ere hitz egin du. Urtebete igaro da bide–orriak aurkeztu eta eragiten hasi zirenetik, eta "baikorra" da orain arteko irakurketa. Argi mintzatu da helburuez Alustiza: "Etorkizuna hobetzeko lanean gabiltza, Fagorreko kideekiko, lurraldearekiko, gizartearekiko... konpromisoz”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak