Bakardadeari modu bateratuan erantzuteko sarea ehunduko dute ostiralean

Hasier Larrea 2022ko eka. 2a, 15:49

Gipuzkoako Foru Aldunditik sortutako Adinberri fundazioak Hariak estrategia jarri du martxan, 55 urtetik gorako pertsonen bakardade-arriskuak prebenitzeko asmoz. Ekainaren 3rako, 16:30etatik 20:00etara, bailara mailako hitzordua antolatu dute Arrasaten.

2020ko otsailean hasi zen Adinberri fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna eraikiz egitasmoaren baitan, bakardadea pairatzeko arrisku egoera bizi dutenei begirako Hariak estrategia lantzen. Pandemia iritsi zen segituan, "esku artean" zuten "proiektuaren tamainaren garrantziaz jabetzeko" balio izan zuena, Rakel Sansebastian fundazioko zuzendariaren hitzetan.

Adinekoen egoitzetan, etxebizitzetan eta espazio publikoetan eredu berritzaileak sustatzea baita Hariak-en misioa, arlo soziosanitariotik eta ekonomikotik eraginez. Horretarako, Gipuzkoako 400 pertsona ingururen ekarpenak jaso dituzte, 77 udalekin, 98 gizarte erakunde eta tokiko eragilerekin, Osakidetzako sei zentrorekin eta hogei enpresa eta berrikuntza-zentrorekin kolaboratu ostean. "Elkarlan handi horren fruitua abenduan jaso genuen, ibilbide-orri bat prestatuta. Gomendio, konpromiso eta ekintza ugari ageri dira bertan, eta, herritarrei begira, modu errazagoan ulertzeko dekalogo bat argitaratu dugu", azaldu du Sansebastianek.

Atxikimenduaren bila

Izan ere, belaunaldi askotariko herritarren babesa edo atxikimendua lortu gura du estrategia integral horrek, eskualdez eskualde gauzatuko dutena. Legazpin egin zuten lehenengo aurkezpena, maiatzaren 24an, eta Arrasaten egingo dute bigarrena, gaur bertan. Hala, Hariak-i modu batean edo bestean lagundu dioten "Debagoieneko udal guztiei, eragileei eta adituei egindako lana itzultzea" ere izango da ekitaldiaren helburua.

Kalea, ikurrez josita

Estrategia aurkezteko modua ohikoa ez izatea erabaki dute, eta iruditegi oso bat eraiki dute transmititu nahi dituzten balioak erakusteko. Kulturate atzealdeko berdegunean, Otalora Lizentziaduna kalekoan, hamar banku jarri dituzte, bakoitza dekalogoko esaldi banarekin. Bankuen kokapenari garrantzia eman diote: "Denak toki berera begira jartzen baditugu, elkarrizketa aukera murritzagoa izaten da, eta justu kontrakoa da bilatzen duguna". Ildo beretik, hilograma teknika erabilita, eskultura baten eraikuntzan parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Eskultura hori ekitaldiz ekitaldi lekualdatuko dute hamar eskualdetan datozen asteetan zehar, eta ideia da 2023an egiteko asmoa duten kongresuan hariz osatutako objektuaren azken emaitza azaleratzea.

Informazio-puntu bat jarriko dute Kulturateko sarreratik gertu, jendeak proiektuaren nondik norako guztiak jakin ditzan, eta, orotara, bost tailer desberdin egingo dituzte; betiere, "pertsonen arteko loturak eta harremanak sendotzeko".

Aurkezpen ofiziala, 19:00etan

Dinamika horiei guztiei 16:30ean helduko diete. 18:30ean, harpa-jotzaile batek bakardadearekin lotutako piezak interpretatuko ditu toki berean, eta 19:00etan, kanpoaldetik Kulturateko areto nagusira joango dira partaideak, bertan egingo dute-eta aurkezpen ekitaldi ofiziala. Maria Ubarretxena alkateak eta Maite Peñak, Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak, hitza hartu ostean, antzezlan bat taularatuko dute, gaiari bete-betean helduko dion elkarrizketa formatuan. Saioak, orotara, ordubete inguru iraungo du, eta amaieran otordua egingo dute. Sansebastianek bailara osora zabaldu du gonbidapena.

RAKEL SANSEBASTIAN, ADINBERRI FUNDAZIOKO ZUZENDARIA:

"Bizi-itxaropena igo egin da, eta bizi-kalitatea igoarazi behar dugu"

Enpresa munduan garatu du ibilbide profesionala Rakel Sansebastianek (Ordizia, 1975); bereziki, Gureak taldean 18 urtez jardunda.  Hiru lagunekin batera darama Adinberriren gidaritza.

Desgaitasuna edota dependentzia duten pertsonekin aritu izanak laguntzen al dizu proiektu honi heltzeko garaian?

Erabat. Gureak taldearen misioa halako pertsonei aukerak ematea da. Bertan ikasitakoak lagundu dit beharrak identifikatzen.

Adinberriren Hariak egitasmoak hauskortasun egoerak prebenitzea du erronketako bat. Nola egin daiteke hori?

Gaia gizarteratzen, belaunaldien arteko elkarrizketak sustatuta. Hauskortasun egoerak muga fisiko edo kognitiboen ondorio dira, baina baita harreman sozial faltarekin lotuta dagoen bakardade sentimenduaren ondorio ere. Kontua da oraindik kosta egiten zaiola 55 urtetik gorako pertsona bati bakarrik sentitzen dela onartzea: 2018ko ikerketa baten arabera, %5ek bakarrik onartzen zuten zuzenean galdetuz gero, baina, zeharka galdetuta, eskala batzuen bidez, %29ra igotzen zen ehuneko hori. Estigma agerikoa da, beraz, eta bakardadeari buruz gehiago sentsibilizatu beharra dago.

Baduzue estigma horri zuzenean heltzen dion saioren bat?

Aurkezpen ekitaldietarako prestatu ditugun antzezlanak. Elkarrizketa horiek simulatzen ditugu bertan.

Bizi-itxaropena nabarmen hazi da gurean. Ze irakurketa egiten duzu?

Biztanleria geroz eta zaharragoa izatea positiboa da. Hemengo bizi-itxaropena mundu mailako handienetakoa da, Singapur, Japonia eta Suitzakoarekin batera. Zoriontzeko moduko datuak dira. Lortu behar da zahartzaroaren gaia lantzen dugun eragileon artean estrategia integrala eraikitzea, adinekoak dependentzia-egoerara ahalik eta beranduen iristeko. Horretan gabiltza.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak