Euskaraldiko Gazte Batzordea sortu dute Arrasaten, gazteak saretzeko asmoz

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 2a, 13:42

Gazte Batzordearen bilera, atzo, Monterron parkean.

2018koaren eta 2020koaren ostean, badator hirugarren Euskaraldia, "aurrekoetan egindakoa sendotu eta euskara biziberritzeko prozesuan jauzi kualitatiboak emateko gogoz". Izan ere, aurreko bi edizioen ostean egindako ikerketek argi erakusten dute Euskaraldia ekimen eraginkorra dela, eta herritarrek euskararen erabilera indartzen jarraitu nahi dutela, gainera.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute Euskaraldia eta "ariketa sozial erraldoiak aurre lan handia" eskatzen duenez, Arrasaten ere hegalak astintzen ari dira dagoeneko. "Honen adibide da ekainaren 1ean eratu den Gazte Batzordea. Euskaraldia gaztetu nahi dugu eta hau izango da batzorde honek edukiko duen erronka", nabarmendu dute.

Gazte Batzordeak atzo egin zuten lehen bilera. "Taldeak baditu dagoeneko gazteak saretzeko eta Euskaraldian aktiboki parte hartzeko hainbat proposamen, baina erabat zabalik dago kide eta ideia gehiago batzeko", azaldu dute. "Hurbildu, bada, hurrengo bilerara, ekainaren 15ean, 19:30ean Monterronen".

Herri Batzordea ere martxan

Ildo beretik, Herri Batzordearen berri ere eman du Arrasateko talde eragileak. Ekainaren 8an egingo dute lehenengo bilera, 18:30ean, AEDren lokalean. "Bertara etortzera animatzen zaituztegu, zenbat eta anitzagoa izan, aberatsagoa izango baita Arrasateko Euskaraldia", gaineratu dute.

Nola parte hartu Euskaraldian?

Euskaraldian aktiboki parte hartzeko hainbat modu daude. Alde batetik, herriko antolakuntzan esku hartuz. "Hau da, batzordeetako kide izanez, kaleko ekintzetan lagunduz, nork bere entitatea eta ingurua ariketan parte hartzera animatuz eta abar. Bestetik, norbanako bezala Belarriprest edo Ahobizi izanez".

Bestalde, herriko enpresa, komertzio, taberna, zerbitzu, denetariko elkarteek eta abarrek entitate gisa ere parte har dezakete, Ariguneak sortuz. "Maiatzaren 18an zabaldu zen entitateek izena emateko epea eta, horrekin batera, aurretik parte hartu duzuen entitateok mezu bat jaso duzue, zuen parte hartzea berresteko aukera emanez. Animatu eta ekin!".

'Arigune' izateko izen-ematea

Izen-ematea www.euskaraldia.eus webgunearen bidez egin daiteke. Entitateak atalean sartuz, lehenengo aldiz izena emateko zein aurretik parte hartu baduzu, datuak berresteko edo eguneratzeko aukera dago. Horrez gainera, ariketa egiteko prozesuaren azalpena
pausorik pauso ere azaltzen da bertan.

Entitateek, aurrekoan bezala, ariguneak osatuko dituzte parte hartzeko, "euskaraz lasai aritzeko guneak", alegia. "Horretarako baldintza arigune-ko kide guztiak, edo gehiengo handi bat, euskara ulertzeko gai izatea da".

Izena emateko laguntza behar izanez gero, edota zalantzaren bat argitu, haiekin harremanetan jartzeko dei egin dute Arrasateko talde eragiletik, arrasate@euskaraldia.eus helbidera idatziz edota 639 94 20 94 telefonora deituz.

Norbanakoen izen-ematea

Udako oporren ostean etorrtiko da Ahobizi-en eta Belarriprest-en txanda. Irailaren 28an hasiko da, hain zuzen ere, norbanakoek izena emateko epea, eta, oraingo honetan, bigarren edizioan ez bezala, parte-hartzaile berriek bakarrik eman beharko dute izena www.euskaraldia.eus webgunean. "Horretarako lagungarri izango dira kalean ipiniko ditugun informazio mahaiak ere. Aurreko edizioetan izena eman duzuenok, irailetik aurrera, mezu bat jasoko duzue lotura baten bitartez hirugarren edizioan parte hartu nahi duzuela berresteko, orain arte izan duzuen Ahobizi edo Belarriprest rola aldatzeko zein ez duzuela parte hartuko esateko. Hori bai, txapa berria hartzeko aukera izango duzue guztiek parte hartzaile berriek zein lehengokoek".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak