Podemos Arrasate: "Zenbakiek erakusten dute TAO sistema ez dela defizitarioa"

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 1a, 16:57

Herritar bat, Otalora Lizentziaduna kaleko TAO makina batean, tiketa eskuratzen.

TAOren baitan isunak jartzen hasi osteko lehen hiru hilabeteetako datuak eman ditu alderdi moreak. "Gobernuak eman beharko lituzke datu hauek, baina ez daukanez asmorik, argitaratzea erabaki dugu", azaldu du Eva Abuin bozeramaileak. Udalaren eta Gertek Sociedad de Gestiones y Servicios SA enpresaren txostena hartu du oinarritzat.

Otsaileko, martxoko eta apirileko salaketak eta ordainketak jasotzen ditu txostenak. "Hilabete itxaroten egon gara ea Udal Gobernuak datu hauek herritarrei erakutsiko ote zizkien, eta ez duenez horretarako asmorik, argitaratzea erabaki dugu, uste dugulako herritarrek eduki beharreko informazioa dela".

Bilketa, hiru bloketan banatuta

Hiru bloketan banatuta dago batutako dirua. Alde batetik, diru bilketa orokorra, tiketekin biltzen den diru kopurua, txartelarekin, eskudirutan zein online ordaindutakoa:

  • Otsaila: 26.683,87 euro.
  • Martxoa: 35.132,7 euro.
  • Apirila: 25.708,99 euro.

Beste bloke batean, makinan ezeztatzen diren isunak daude, ordaindutakoak:

  • Otsailean, 457 x 10,30 (isunak makinan ezeztatzearen kostua): 4.798,5 euro.
  • Martxoan, 712 x 10,30 (isunak makinan ezeztatzearen kostua): 7.476 euro.
  • Apirilean, 537 x 10,30 (isunak makinan ezeztatzearen kostua): 5.638,5 euro.

Hirugarren bloke batean, tramitatzen diren isunak daude:

  •  Otsailean, 358 x 100 (motordun ibilgailuendako isun arinena): 35.800 euro.
  •  Martxoan, 462 x 100 (motordun ibilgailuendako isun arinena): 46.200 euro.
  •  Apirilean, 294 x 100 (motordun ibilgailuendako isun arinena): 29.400 euro.

Abuinek berak egin ditu kalkuluak, 100 euroko isuna oinarri gisa hartuta. Beraz, gutxigorabeherako datu bat izango lirateke hauek. "Isun arinena hartu dut oinarri moduan batez bestekoa kalkulatzeko, gehienak 100 eurokoak direlako, Jose Antonio Urdangari Hirigintza saileko teknikari buruak hala aitortuta, baina bestelako isunak ere izango dira".

Hilabetean, batez beste, 72.279,52 euro

Hilabeteka aztertuta, honakoak dira kopuruak:

Otsailean bildutakoa: 26.683,87 + 4.798,5 + 35.800=  67.282,37 euro.
Martxoan bildutakoa: 35.132,7 + 7.476 + 29.400= 88.808,7 euro.
Apirilean bildutakoa: 25.708,99 + 5.638,5 + 29.400= 60.747,49 euro.

Datu horiek aintzat hartuta, lehen hiru hilabeteetan, 216.838,56 euro bildu dira. Blokeka banatuta, honako hauek dira datuak:

  • Bilketa orokorra: 87.525 euro.
  • Makinan ezeztatutakoak: 17.913 euro.
  • Tramitatutako isunak: 111.400 euro.

Beraz, batez beste, hilabete bakoitzean 72.279,52 euro batuko lituzke Udalak eta urte osoan, 867.354,24 euro. "Udalak Gertek Sociedad de Gestiones y Servicios SA enpresari esleitu zion zerbitzua, urtean 468.143,86 eurogatik. Hori kontuan hartuta, ez da, inondik ere, defizitarioa, Gobernuak kontrakoa dioen arren. Kalkulu sinple batzuk eginda ikusten da hori ez dela horrela", dio Abuinek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak