Arrasateko Udaltzaingoak 1.615 esku-hartze egin ditu 2022ko lehen lauhilekoan. Urtarrila (488) eta apirila (468) izan dira jarduketa gehien izan dituzten hilabeteak eta, oro har, gehienak administratiboak izan dira: 599. Bestalde, trafiko arlokoak 175 izan dira; 148, segurtasunekoak eta 126, ingurumenarekin lotutakoak (erorikoak, suteak, uholdeen kontrola edo zuhaitz erorketak...).
Trafiko arloko datua azpimarratu gura izan du alkateak: "Aztertzen ari gara, seguruenik jaitsiera horrek zerikusia duelako azkenaldian herriko antolamenduan egindako aldaketekin: autobus geltokia Zalduspen jarri, Garibai oinezkoendako jarri, TAO ezarri eta abar. Erdigunean trafikoa gutxitu egin da eta horren ondorioz, interbentzioak erdira jaitsi dira". Halaber, 175 horietatik, erdiak baino gehiago, 98, kexa edota arazoei dagozkie.
Bestalde, zenbatutako istripuak 49 dira. "Ez da hildakorik izan eta gehienak arin zauritu dira edo ez dira zauritu. Bi oinezko zauritu dira, biak urtarrilean, bat lesio arinekin eta bestea lesio larriagoekin", adierazi du alkateak.
Atxiloketa bat eta bost inputatu
Administrazio-eremuko 599 interbentzioak 2021eko azken lauhilekoan baino 89 gehiago dira, besteak beste, animalien kudeaketarekin, zaratarekin, pintaden garbiketarekin eta dokumentuen edo objektuen galerekin lotutakoak. Etxebizitzetan, hiri-bidean (54) eta tabernetan (68) zaratengatiko jarduketak ugaritu egin dira.
Segurtasunarekin lotutako esku-hartzeak 148 izan dira eta horietatik hamaika, abisu faltsuak. Era berean, lapurretak ugaritu egin dira (18), eta ebasketak edo kalte materialak, murriztu. "Nabarmendu behar da arazo psikiatrikoak dituzten pertsonekin 32 esku-hartze izan direla lauhileko honetan, horietatik 21 apirilean", gaineratu du Andinok.
Lau hilabete horietan, udaltzainburuaren esanetan, pertsona bat atxilotu dute erasoengatik, hiru pertsona inputatu dituzte bide- segurtasunaren aurkako delituengatik eta beste bi, "beste arrazoi batzuengatik".
Herritarren esker mezuak
Udaltzaingoak azken asteotan esker oneko mezuak jaso ditu Osakidetzatik eta hainbat auzotar eta herritarrengandik. "Mezu horiek gure ofizioaren funtsa ikusarazten eta helarazten digute udaltzainoi: herritarrei beren egunerokoan laguntzea eta zerbitzua ematea, haien arazoak, ahal dugun heinean, konponduz", dio Andinok.
Arrasateko Udaltzaingo saila 25 udaltzainek, bost agente lehenek, hiru administrarik eta ofizial batek osatzen dute, eta horietatik %44, hamabost, emakumeak dira.
Kameretako irudiak, zentralizatuta
Azkenik, azaldu dutenez, udalerriko kamera publiko guztien irudiak zentralizatuta jarri dituzte Udaltzaingoan, aldi berean leku ezberdinetan gertatzen ari dena ikusi ahal izateko. Orain arte, grabatu egiten ziren eta gero ikusi behar izaten zituzten udaltzainek.