Bost domina eta bi errekor, Gipuzkoako atletismo txapelketan

Jon Irizar Aranguren 2022ko mai. 30a, 11:55

4x100 metrokoan brontzezko domina lortu zuen laukote arrasatearra. (Argazkia: Arrasate Atletiko Taldea)

Uzta oparoa bilduta itzuli dira atleta arrasatearrak asteburuan Donostian jokatu den Gipuzkoako atletismo txapelketatik. Podiumaren koska gorenera igo ziren Olatz Martinez eta Malen Ruiz de Azua; brontzezko domina lortu zuten, aldiz, Unai Iturbek, Mikel Agirrek eta emakumezkoen 4x100eko errelebo taldeak. Arrasateko bi errekor ere hobetu zituzten.

Anoetako Kote Olaizola estadioan absolutu mailako Gipuzkoako atletismo txapelketak jokatu dira asteburuan. Zapatu zein domekan, hainbat atleta arrasatear aritu dira lehian Arrasate Atletiko Taldea zein beste talde batzuk ordezkatzen, eta izan dira, emaitzen zein erregistroen ikuspegitik, etxerako bidaia aho zapore gozoarekin egin duten kirolariak.

Besteen gainetik, bi izen aipatu behar dira: Olatz Martinez eta Malen Ruiz de Azua. Arrasate Atletiko Taldeko kidea da lehena, eta emakumezkoen 5.000 metrokoan urrezko domina lortu zuen 22 minutu eta 26 segundoko denbora eginda. Ruiz de Azua ere podiumeko gorengo koskara igo zen. 4.43ko markarekin, erraz nagusitu zitzaien Malen Orduña (3.80) eta Ane Castillori (3.60) pertika jauzian. Valencia Club Atletismoko arrasatearrak denboraldi honetan egin duen erregistro onena da, marka pertsonaletik lau zentimetro eskasera.

Uzta Unai Iturbek, Mikel Agirrek eta emakumezkoen 4x100eko errelebo taldeak osatu dute, brontzezko hiru dominarekin. Lehenak pertika jauzian lortu zuen, 3.40ko jauziarekin –laugarren izan zen Danel Ruiz taldekidea, 4.20ko markarekin–; bigarrena luzera jauzian igo zen podiumera, azken saiakeran 6.59ko marka eginda; Izaro Garcia, Ane del Fresno, Ainara Lopez eta Maia Etxebarriak osatutako laukoteak, berriz, 4x100 metroko errelebo proban lortu zuen domina, 52:17ko erregistroarekin.

Bi errekor

Dominetatik harago, Arrasateko bi errekor ere ondu dira asteburuan. 12 urteren ondoren, Eukene Dorronsororen 12:78ko marka hobetu du Ane del Fresnok emakumezkoen 100 metroko proban: 12:74. Del Fresnok berak, Garcia, Lopez eta Etxebarriarekin batera, herriko errekorra ondo zuten erreleboen proban –brontzezko domina–. 43 ehunenekotan jaitsi zuten 2010ean Oihane Urcelai, Uxue Bengoetxea, Eukene Dorronsoro eta Izar Gorroñogoitiak egindako marka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak