"Lehenengo Mailan lehiakor izateko lan egin behar dugu"

Xabier Urtzelai 2022ko mai. 27a, 18:00

Iñaki Ogara Arri, Ane Arrillaga eta Izar Bedia, aste barruan, Iturripen.

Domekako lauko finalean Askartzari 79-54 irabazi eta gero, moreak mailaz igo dira. Aste barruan, Iñaki Ogara Arri-rekin, Izar Bediarekin eta Ane Arrillagarekin izan da GOIENA.

Emakumezkoen kategoria txikiekin hamarkada batez lanean jardun eta gero –2014an hasi ziren–, Ointxe!-k duela bi urte erabaki zuen senior mailako taldea sortzea. Urte askoan Eskoriatza izan da Debagoienean senior mailan erreferente, eta Ointxe!-koen apustua ere naturala izan zen, harrobitik zetozen maila oneko jokalariei jarraipena ematea zen asmoa. Hala, Gasteizko Araskirekin indarrak batu izanak fruituak eman zituen –junior mailan Espainiako txapeldun izan ziren Arrasateko hainbat jokalari–, eta orain, senior mailan egindako bi urteetan taldea Lehenengo Maila- ra igo da. Domekan bizi izandakoa errepasatzearekin batera, etorkizunera begira jarri dira Iñaki Ogara Arri entrenatzailea eta Izar Bedia eta Ane Arrillaga jokalariak.

Domekako emozio, poztasun eta biharamunak atzean utzita?

Iñaki Ogara: Ez dugu izan denbora askorik domekakoa atzean uzteko; izan ere, lehenengo taldeak denboraldia amaitu badu ere, kategoria txikiagoetako taldeek ez dute ikasturtea amaitu, eta atzo [astelehena] bertan gogor entrenatzen ibili ginen. Baina bai, domekan behar den moduan ospatu genuen mailaz igo izana.

Berezia izan zen Iturripe horrela ikustea...

Izar Bedia: Bai, oso berezia. Harmailak goraino bete ziren bai zapatuko kanporaketa partiduan eta baita domekako finalean ere. Horrenbeste jende ikustea taldea animatzen... Zapatuko partidua irabazi genuenean garbi geneukan domekan gozatzera irten behar genuela kantxara. Eta horrela egin genuen.

Ane Arrillaga: Niretako oso berezia izan zen Ointxe!-ko harrobiko neskatila gazteak gure ondoan ikustea, zelan animatu gintuzten, zelan ospatu zuten lorpena gurekin... Horrek hunkitu egin ninduen, emozionatu egin nintzen.

Eta orain, zer? Gizonezkoekin al- deratuta, zuek ere EBAren pareko kategoriara igo zarete.
I.O.: Mailaz igoko gara eta profesionalismoaren atarian egongo gara. Aurrekontu handia duten taldeak izango ditugu aurrean Lehenengo Mailan, batzuek apustu sendoak egiten dituzte Emakumezkoen Ligara [LF2] igotzeko eta puntako jokalariak ekartzen dituzte, eta guk horien kontra jokatu beharko dugu. Gurea moduko klub batendako erronka izango da hor egotea, baina lehiakor izateko lanean hasi behar dugu, eta gero ikusiko dugu zein den gure tokia. Taldeak entrenatzen jarraituko du, jakinda denboraldiaurre oso ona egin beharko dugula ligari aurre egiteko.

I.B.: Gogor entrenatzen jarraitu behar dugu eta hasieratik hasi beharko dugu ondo; lehenengo jardunaldian irabazi egiten badugu, hobeto. Aurten ere ez genekien non egongo ginen, taldekideok ez genuen kategoria hau ezagutzen, eta, konturatu orduko, mailaz igo gara. Eta Lehenengo Maila ere ez dugu ezagutzen. Bada, datorren denboraldian ere berdina egin behar dugu, etengabe hazten joateko helburua izan behar dugu.

A.A.: Udan lanean jarraitu beharko dugu, taldearen jokoa prestatzen, eta nik, behintzat, datorren denboraldiari ere gozatzen jarraitzea eskatzen diot, saskibaloiarekin disfrutatzen jarraitzea.

Duela bi urte hartu zenuten senior mailako taldearen aldeko apustua egitea.

I.O.: Esango nuke senior mailako taldea sortzearen aldeko apustua erraza izan zela. Hau da, 2002an jaiotako neskekin alebin mailan lanean hasi ginenean [2014an] erantzun oso ona izan genuen eta berehala konturatu ginen bai Arrasateko eta baita bailara osoko emakumezkoen saskibaloiak potentzial handia zeukala. Eta bide horretan jarraitu dugu lanean: entrenamenduekin, teknifikazio saioekin, entrenatzaileen eta gurasoen laguntzarekin... Eta belaunaldi horiek senior izatera pasa direnean oso maila polita daukatela erakutsi dute. Hala, belaunaldi horiei falta izan zaiena da aurretik erreferenteak izatea, eta orain eurak dira gazteen erreferente.

I.B: Konturatu barik iritsi gara puntu horretara, gaztetxoendako erreferente izatera, baina garrantzitsua da eta hori da Ointxe!-ren helburuetako bat; alegia, bertako senior mailako taldea Gipuzkoa mailan erreferenteetako bat bilakatzea.

Arri, esango nuke Ointxe! badabi- lela ahalegina egiten Arrasateko talde bat soilik izateari utzi eta ikuspuntua zabaltzeko.

I.O.: Bai, muga horiek gainditzea garrantzitsua dela uste dugu, eta horren alde dihardugu lanean. Uste dugulako indarrak batzea garrantzitsua dela, eta, are gehiago, emakumezkoen saskibaloia sustatzeko. Nik uste dut norberaren klubari bakarrik begiratzen dionak, norbere plazari bakarrik begiratzen dionak, mesede txikia egiten diola emakumezkoen saskibaloiari. Orain, esaterako, igoera honek ilusioa piztu du saskibaloi jokalari gaztetxo askorengan, eta hori gauza polita da. Eta ikuspuntu orokor batetik egin dugun lorpena da. Ideia horrekin jarraituko dugu lanean.

Ane, zu Eskoriatzako klubeko harrobikoa zara. Zer aurkitu duzu Iturripen?

A.A.: Lanerako gogo handia duen talde batekin egin dut topo, inplikazio maila oso handia duten jokalariak ezagutu ditut, eta, horrekin batera, taldekide bikainak direla erakutsi didate. Nik izugarri disfrutatu dut denboraldi honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak