Arrasate Berria Ehorztetxea: "Zerbitzu integrala ematen diegu bezeroei"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko mai. 28a, 10:10

Espe Herrera eta Peio Rapun, Arrasate Berria Ehorztetxeko gela batean. (Argazkia: I.A.)

Arrasate Berria Ehorztetxeko Espe Herrerak eta Peio Rapunek azpimarratu dute euren zerbitzua edozein konpainiak eta kofradiak aukera dezakeela, "inolako plus ekonomikorik ekarri gabe".

Rafael Herrerak eta Pilar Morenok ehorztetxea ireki zuten 1981. urtean. Erretiratu zirenean, seme-alabek hartu zuten ardura, eta orain, Espe Herrerak eta neba-arrebek zuzentzen dituzte Arrasaten, Oñatin eta Aretxabaletan dituzten ehorztetxeak. Arrasatekoa, gainera, Araba etorbidera lekualdatu dute. Azken urteetan, Peio Rapun hileta-teknikaria gehitu da taldera.

Behar duen orori zuzendutako zerbitzua da, ezta?

Zerbitzua edozein familiari, konpainiari eta kofradiari eskaintzen diogu. Familiak aukeratu beharko luke ehorztetxea; batzuetan, ez da hala. Premia sozialeko zerbitzua eskaintzen dugu; hau da, agurra. Horren mingarria den egoera osasun baldintzak bermatuz eta giroa kontrolatuz egiten saiatzen gara.

Zer eskaintzen duzue?

Gure kulturan heriotza errefusatzen dugu; benetan pasako dena ez dugu ikusi nahi. Horregatik, gehienek ez dakite ze izapide egin behar diren; heriotzaren unean, nahiz hurrengo hilabeteetan. Uste dugu bailaran zerbitzu integrala ematen dugun bakarrak garela, inor azpikontratatu gabe. Deia jasotzen dugunean, familiak nahi badu, kudeaketa guztien ardura hartzen dugu. Gure lana bezeroak esaten digunean amaitzen da. Hau da gure eguneroko ogia, eta horretan espezializatuta gaude.

Zer egin behar du zuen zerbitzua behar duenak?

Deitu. Gu zerbitzua emateko gaude, eta bezeroen neurrira egokitzen gara. Hemen ez daukagu ordutegirik. 

Heriotzak tabua izaten jarraitzen du

"Gertaera naturala da, eta onartu egin behar da. Ez dago hilerria baino ezer triste eta ilunagorik. Frantzian, Ameriketako Estatu Batuetan eta Ingalaterran jendea oinez ibil daiteke hilerrietako lorategietan. Hemen oso barrokoak eta gogorrak dira, eta egunen batean zer tokatuko zaigun ez dugu nahi ikusi. Hori irakatsi digute. Galera bezala ikusten dugu, trantsizio edo beste modu batera ikusi beharrean. Heriotzak tabua izaten jarraitzen du".

Familiekin egotea gogorra da?

Hasieran, hala uste genuen. Familiek ezberdin erreakzionatzen dute. Zerbait txarra esaten badizute, ordea, badakizu ez direla zuri ari. Ukapena doluaren parte da, eta haserrea ateratzen da. Datu-hartze batzuetan, berriz, barrez amaitzen dugu. Nola da posible? Mina oroitzapenak dira, eta horiek ez dira ahazten, aldatzen saiatzen gara.

Teknologiaren aldeko apustua egin duzue, ezta?

Bai; Alife daukagu. Gaur egun, posible da whatsapp batekin, deitu gabe, lagun guztiei behar den informazioa mezu bakarrean bidaltzea. Esaterako, beilatokiaren ordua eta lekua, nola heldu eta hiletaren xehetasunak. Kanal pribatuak ere sortu daitezke, eta, adibidez, gurean egiten den hileta-elizkizun zibila zuzenean jarraitu dezake etortzerik ez duenak, talde horren bidez.

Hileta zibilak hazi egin dira?

Hemen ez dira hainbeste egiten. Egia da ekitaldi erlijiosorik gabeko agurrak geroz eta gehiago egiten direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak