Herriko margolarien kolektiboak urtean zehar egindako lanak saltzeko helburuarekin egiten du urtero, maiatz bukaeran, arte merkatua. Baina, berez, elkarteko kideen artean harremanak estutzeko baliatzen dute eguna, halako topaketak egiteko beharra izaten baitute. "Tailerrera bakoitza bere margolanak egitera joaten denez, ez diogu behar besteko denborarik eskaintzen elkar ezagutzeari; kontrara, kanpoko ekintzetan garatzen ditugu elkarrekintza sakonagoak", adierazi du AMTko kide Marga Zubiak.
GUZTIRA, HAMALAU MARGOLARIK JARRIKO DITUZTE EUREN ARTELANAK IKUSGAI ETA SALGAI
Gaur egun, iaz baino hiru bazkide gehiago dituzte; 24 daude Kulturolan estreinatu duten lokalean: "Tamalez, ez dugu gehiagorendako tokirik, eta sei lagun dauzkagu itxarote-zerrendan zain". Udalak eskaini dien eraikin berriak talde moduan proiektuak garatzeko hauspoa eman diela aipatu du Zubiak. Asteazkenero, adibidez, ikastaroa jasotzen dute Rikardo Azkargorta margolari bergararraren eskutik, olio, akriliko eta akuarela teknikak hobetzeko eta aspektu teorikoei buruz gehiago jakiteko. Udan ikastaro horiek eten egingo dituzte, baina ekintza ludikoak ez dituzte alde batera lagako: "Ziurrenik, hiru irteera egingo ditugu, inguruko mendi, herri eta paraje ezberdinak bisitatu, ikusi eta mihiseetan irudikatzeko. Eta, tartean, parranda pixka bat egiteko, noski".
Lehengora bueltatu guran
Zubiak ez du ukatzen taldea osasuntsu dagoenik, baina jakitun da pandemia aurretik egin ohi zituzten zenbait dinamika berreskuratzea kosta egingo zaiela; sanjuanetako pintura lehiaketa, esaterako: "2019ra arte sariketa irekia antolatu izan dugu, kanpoko margolariek ere parte har zezaketena; iaz, modu sinbolikoan, bi pertsonaren arteko ekitaldi bat antolatu genuen Herriko Plazan. Badugu asmoa ohiko lehiaketa berreskuratzeko, nahiz eta hutsarte honek ez digun onik egin".
Azaroan Kulturateko klaustroan erakusketa irekitzeko asmoa dutela ere aurreratu du AMTko kideak. Ekitaldi horrek biharko azokarekin ze desberdintasun dituen azaldu du: "Seber Altubeko merkatuan parte hartzen dugunok orotariko lanak eraman ohi ditugu, duela urte batzuk margotutakoak ere bai; erakusketara, aldiz, saiatzen gara margolan berrienak eramaten. Tailerrean asko igartzen dira hitzordu horren aurretiko asteak, taldekideok gogotik egiten baitugu lan esku artean dugun hori bukatzeko".