Txistu-doinuek txalotuko dute zikloaren bukaera

Hasier Larrea 2022ko mai. 20a, 12:10

Heldutasunera iritsi da Udaberriko Musikaldia, aurten 18. aldiz antolatu baitu Udaleko Kultura Sailak, herritarrei "askotariko proposamenak" eskaintzeko helburuarekin. Domekan, 19:30ean, Harribitxi bikoteak borobilduko du egitaraua, Kulturaten.

Iker Alvarez bilbotarra eta Aitor Urquiza burlatarra dira Harribitxi izenaren atzean dauden musikariak. Goi-mailako ikasketak egindakoak, txistu-irakasleak dira gaur egun, baina elkarrekin konposizio propioko kantuak sortu eta interpretatzera ere dedikatzen dira. Lankidetza horren emaitza da Harribitxi proiektua. "Instrumentu ugari nahasten ditugu, txistuaren soinua danbolin, pandero, gitarra, mandolina eta ezohikoak diren beste hainbat musika tresna harrigarrirekin uztartuta", adierazi dute. Horiekin guztiekin euskal folklore tradizionala, musika zelta, tangoa, balsa, choro brasildarra eta dantzarako piezak lantzen dituzte.

Erronkak betetzen

Haien emanaldiarekin amaituko da Musikaldiaren XVIII. zikloa. Kultura Saileko teknikari Karmelo Alberdiren esanetan, "musika proposamen desberdinak erakusteko plaza aproposa" da Musikaldia, "betiko konposizio klasikoetatik harago doazen artistak ekartzea" baitu helburuetako bat. Eta herriko musikariei tokia egitea, noski. "Aurten, Alberto Urretxoren banda eta Arrasate Musikalen hari-orkestra gonbidatu ditugu, eta entzuleek hoberen erantzun duten kontzertuak izan dira; pozgarria da herriko harrobiak babes zabala jasotzen duela frogatzea", azaldu du Alberdik.

Atzera begiratua eginda, "emakumeei begirako sentsibilitatea" asko hazi dela nabarmendu du, "lehen arraroagoa" egiten zelako emakume musikariak oholtzan ikustea. Dagoeneko datorren aldirako "ideiak hartzen" jarriak direla gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak