Zapata konponketa lanbide eta bokazio du Oscar Nietok. Familiatik datorkio zaletasuna, dendarekin segitzen duen laugarren belaunaldia baita. Lan honetan Amaia Sampedro du alboan. Kirol-oinetakoen eta katu-oinen zola konponketan espezializatu dira, birziklapena bultzatzeko.
Zapatilen birziklapenaren aldeko apustua egin duzue.
Fabrikatik datozen zoruak azkar gastatzen dira. Pena da zapatak berriak egonda, botatzea. Jendea ingurumenarekin kontzientziatzen ari bada ere, modari kasu gehiago egiten zaio. Zapatilak zaborrontzira botaz gero, lurperatu edo erraustu egiten dituzte, eta hori ez da, hain zuzen, ingurumenaren inpaktua murrizteko irtenbide aproposa.
Zer eskaintzen diezue bezeroei?
Vibram markarekin egiten dugu lan, gehienbat, bermea ematen baitu eta askotariko zola motak baititu; mendirako, harrietan edo asfaltoan korrika egiteko eta lokatzerako, besteak beste. Bezeroen beharretara egokitzen dugu zapatilen zorua. Serietik datozen oinetakoak hobetzen ditugu, askotan. Material ona erabilita zapatila berrerabili daiteke, berriak geratzen dira, eta jendea oso gustura joaten da. Katu-oinetarako ere zola ofizialak ditugu.
Maldan behera, segurtasunarekin
"Aurtengo Aloña Mendiko igoeran hirugarren postuan geratu zen Ane Zabala. Lasterketa guk jarritako Peakdistrict zolekin egin zuen, segurtasuna eman baitzion. Maldan behera aurkariak aurreratu eta podiumean sartu zen. Hark aitortu digu jaitsiera osoan gurekin oroitu zela. Beste lasterketa batera ez zen ausartu oinetako horiek eramatera, baina, ondo probatu zituenean, ez zuen zalantzarik eduki eta Oñatira eramango zituela esan zigun".
Zein motatako bezeroak dituzue?
Lehen, jende nagusiagoa etortzen zen; orain, aldiz, gazte gehiago dator. Inguruko herrietatik etortzen dira, baita Bizkaitik ere. Asturiastik eta Galiziatik ere bidali dizkigute. Lasterkarien sektorea ere badaukagu. Zailena aurreneko parea ekartzea da. Gero, ordea, badakigu gehiago ekarriko dituztela, eurek ere badakite-eta zer egin dezakegun.
Sare sozialak erabiltzen dituzue.
Irudi aldaketa egin dugu. Gazteengana heltzea lortu dugu sare sozialekin. Askotan, bideoak egiten ditugu zoruen xehetasunak emanez. Webgunea ere badaukagu. Horretaz gain, postua ere jarri dugu inguruko mendi lasterketetan gure zerbitzua ezagutzera emateko.
Aurrez aurreko salmenta bultzatzen duzue, ordea.
Bai, zerbitzu pertsonalizatua ematen dugu; hori gustatzen zaigu. Nahi duena tailerrera jaisten da, eta nirekin [Oscarrekin] egoten da.
Zein kirolariri konponduko zenizkiokete zolak?
Kilian Journeti. Lasterketa batean topo eginez gero, hitz egingo nioke, badakit nik egiten dudana interesatuko litzaiokeela.
Lanaren alderik onena? Txarrena?
Lanarekin eta bezeroen poztasunarekin asetzea, onena. Txarrena, autonomoei jartzen dizkiguten lan-baldintzak.