Arizmendiarrieta gogoan Arrasateko erakusketan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko mai. 20a, 10:00

Arizmendiarrieta, San Jose Kontsumo kooperatibaren lehen dendaren inaugurazioan. (Argazkia: Mondragon Korporazioa)

Maiatzaren 21etik ekainaren 6ra egongo da argazki erakusketa ikusgai Etxaluze gizarte zentroko lehenengo solairuan, eta ekainaren 9rako eta 16rako hitzaldiak antolatu dituzte. Belaunaldien arteko harremanak sustatzea da ekimenaren helburua.

Jose Maria Arizmendiarrietaren gaineko argazki erakusketa izango da ikusgai maiatzaren 21etik ekainaren 6ra Arrasateko Etxaluze gizarte zentroan. Martitzen, eguen eta egubakoitzetan 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik; asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Katalogoa sortu dutela adierazi du Aitor Orobengoak, ISEA Coop.-eko ikerkuntza zuzendariak: "Katalogo horretan agertzen dira On Jose Mariaren lan nagusiak". Argazkiek ere azalpena izango dute testuinguruan jartzeko. "Horrekin batera, Arizmendiarrietaren bizi-ibilbidea eta haren obraren ezagutza hizpide izango dituzten bi hitzaldi ere antolatu dira. Alde batetik, ekainaren 9an, Copreciren sorrerari buruzko saioa emango dute enpresaren sortzaileetako bik, Pedro Mendietak eta Jose Maria Ortubaik. Bestetik, Arizmendiarrietaren pentsamendu eta bizi-bideari buruz arituko da Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko Jose Maria Larramendi, ekainaren 16an.

Arizmendiarrieta, ezezagun

Orobengoak azaldu duenez, "duela pare bat urte, On Jose Maria Arizmendiarrietaren Lagunen Elkarteak halako inkesta bat egin zuen, eta Arrasateko %10ek ezagutzen du, gaur egun, Arizmendiarrieta nor izan zen. Deigarria da hori, ze bailarako jende askok egiten du lan hark sortutako enpresetan". Copreciko sortzaile Pedro Mendietaren hitzetan ere, "hori oso tristea da, baina horrela da. Hala ere, halako ekimenek laguntzen dute ezagutarazten".

Copreciren sorrera

60ko hamarkadan sortu zen Copreci, eta Arrasatetik kanpo sortu zen aurreneko kooperatiba izan zen. Haren sorreran ere badu lekua Arizmendiarrietak. Aitor Orobengoak adierazi duenez, "oso ezezaguna da nola sortu zen Copreci, eta hitzaldia interesgarria izango da, ze historia oso aberasgarria izan zen".

Sortzaileetako bat da Pedro Mendieta, eta Arizmendiarrietak hura nahiz beste gazte batzuk lan batzuetan sartu zituela aitortu du. "On Jose Mariaren aldetik jaso genituen balioengatik sortu zitzaidan enpresagintzan sartzeko gogoa. Aretxabaletan enpresa bat sortu nahi genuen, eta asmoak hari planteatu genizkion. Elkarlanean egindako enpresa sortu genuen, hori baitzen Arizmendiarrietak planteatu zigun eskema".

Copreciren sorreraren inguruan, sorreraren zergatiaz eta testuinguruaz arituko dira hizlariak ekainaren 9an izango den saioan. Hala ere, Mendietak garbi dauka gazteei zer adierazi nahi dien egun horretan: "Garai hartan lanera joan behar nuen eta aldi berean ikasi. Trebetasun eta jarrera kontua zen. Horrek eta familiaren egoerak nahiz lan egiteko premiak hazi egiten zaitu eta nagusi egiten zara, baita gaztea zarenean ere. Hori helarazi behar zaie gazteei".

Balioak sailkatzen

1970etik 1976ra Arizmendiarrietak idatzitako artikuluak aztertzen dihardu Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak. Jose Mari Larramendi elkartearen sortzaileetako eta kideetako bat da, eta hark egingo du hitzaldia; hauxe aurreratu dio GOIENAri: "1970etik 1976ra Arizmendiarrietak idatziriko artikuluak aztertzen ari gara, eta zertan gabiltzan azalduko dut. Alde batetik, idatzietan dauden balioak identifikatzen ditugu, eta, bestetik, horiek sailkatzen ari gara. Gaur egun bizi ditugun erronken inguruan idazten zuena aztertzen dugu". Guztira, 35 balio identifikatu dituzte: "Baina gero, maiztasunaren arabera sailkapena egin dugu".

"Aurkezpen txartelik gabeko lider sakon" bezala definitu du Larramendik Arizmendiarrieta: "Momentu hartako egoeraren aurka errebelatu zen norbait izan zen, nire ustez; ez hitzekin bakarrik, baita ekintzekin ere".

Jose Ramon Elorza ere oroitu nahi du, ordea, Larramendik hitzaldian: "Lan garrantzitsua egin zuen gure lanean. Asko lagundu zigun orain egiten ari garen lana garatzen, harreman zuzena eta pertsonala izan zuelako Arizmendiarrietarekin. Haren jarraitzailea zen gaztetatik".

Herritarren erlazioa sustatuz

Erakusketa Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Gipuzkoa Belaunaldi Arteko proiektuarekin lotuta dago, baita Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuingururekin nahiz Adinberri Fundazioaren Bakardadeei aurre egiteko Gipuzkoako estrategia egitasmoarekin ere. Ezagutza transmititzea eta komunitatearen garapenerako belaunaldien arteko harremana bultzatzen ditu proiektu honek; lankidetza eta balio-zahartzea ere sustatu nahi ditu, "herritarren arteko belaunaldi trukaketa gauzatzeko gune bat sortuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak