Bergaratik Arrasatera igaro da ASPACEren erakusketa ibiltaria

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mai. 18a, 12:34
Gaur egin dute erakusketaren aurkezpena, ASPACEko ordezkariek zein udal ordezkariek

ASPACE Gipuzkoaren 50. urteurrenaren harira prestatu duten 50 urte inklusioa bermatzen erakusketa ibiltaria Debagoiena zeharkatzen ari da eta, Bergaratik pasa ostean, Arrasaten egin du geldialdia. Hala, ekainaren 1era arte egongo da ikusgai, Kulturateko klaustroan, astelehenetik zapatura, 17:30etik 20:00etara.

Erakusketak ASPACEren 50 urteak jasotzen ditu, "modu didaktiko eta pedagogiko batean", Rosa Iglesias elkarteko idazkariak azaldu duenez, garun-paralisia duten pertsonen eta haien senideen egunerokotasuna erakutsiz. "Elkartea sortu zutenen omenez ari gara lanean, haiei esker daukagulako daukaguna", nabarmendu du. 

"Lan handia" egin dute erakusketa osatzeko baina, Iglesiasek adierazi duenez, "merezi izan du", elkartearen bizitza jasotzen baitu. "24 panelez osatuta dago erakusketa eta elkartearen historia jasotzen du, nola joan diren zentroan eraikitzen, eta mugarri garrantzitsu batzuk ere batzen ditu. Udalerri bakoitzak bere panela du eta hori jasotzea ere garrantzitsua da. Kulturateko klaustroa leku ederra da, beraz, herritarrek goza dezatela erakusketaz".

Gipuzkoako ASPACEk 490 lagun artatzen ditu eta 361 profesionalek jarduten dute lanean. Boluntario taldea 126 pertsonek osatzen dute. Lukene Igartuak, erabiltzaileen guraso elkartearen izenean, eskerrak eman dizkie duela 50 urte "hainbeste lan" egin zuten familiei. "Garai hartan ez zegoen zerbitzurik garun-paralisidun pertsonentzat eta zerotik hasi ziren lanean". 

Halaber, eskaera garbi bat egin du Igartuak instituzioentzat zein gizartearentzat: "ASPACEko erabiltzaileen sozializazioa familien eta profesionalen esku geratzen da (asteburuak, aisialdia, kirola eta abar). Beraz, udalei eta gizarte eragileei dei egin diegu laguntzeko gure erabiltzaileak sozializatzen eta kalera ateratzen".

Udalaitz zentroa, 2009tik

Arrasateri dagokionez, 2009. urtean zabaldu zuten Udalaitz zentroa. Gaur-gaurkoz, eguneko zentroa izateaz gain, etxebizitza ere bada eta arreta jasotzen dute garun-paralisia dutenek. "Lokala udal jabetzakoa da eta 2043. urtera arte daukagu lagapenean ASPACErentzat", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak. Horrez gain, institutuan gela egonkorra dago, Tximeleta gela, Bigarren Hezkuntzako gela. 

Nerea Otxoa Udalaitz zentroko erabiltzailea eskertuta agertu da: "Udalaitz zentroan jendez inguratuta nago. Lehen ez nintzen autonomoa eta ASPACEri esker, orain nire kabuz joaten naiz igerilekura, ile-apaindegira edo beste edozein lekutara. Asko eskertzen diet gugatik egiten duten lan guztia".

Alkateak, era berean, azpimarratu du "lan izugarria" egiten duela ASPACEk. "Halako elkarte bat gure gizartean izatea altxor bat da. Inklusioaren esparruan lan itzela egiten duzue". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak