Berriki jakinarazi du Aita Menniko zuzendaritzak Gipuzkoako Precoaren bitartekaritza eskatu duela enpresa batzordearekin lan hitzarmenaren kontura duen konponezina gainditzen saiatzeko. Bidalitako oharrean diote, gainera, besteak beste, negoziazioa bizkortzeko eta akordioa lortzeko "langileek" egindako eskariari erantzunez hartu dutela erabakia.
Enpresa batzordeak, ordea, mesfidantzaz hartu du zuzendaritzaren iragarpena. "Batzordea saihestuta, zenbait jenderekin bildu ziren, eta euren asmoa da, antza, han jasotakoekin joatea negoziaketara", dio komiteko presidente Txema Kortabarriak –ELAkoa, ordezkaritza duen sindikatu bakarrekoa–; eta jarraitzen du: "Ez, hori ez da euren lana. Langileekin egon eta euren eskaerak jasotzeko lan hori egin genuen guk, eta plataforma bat dago eta harekin aritu gara negoziatzen. Baina ematen du ez zaiela gustatzen ze egoeratara iritsi garen, eta orain ari dira gu saihestu eta negoziaketa berri bat proposatzen Precon, eta hori ez da bidezkoa". Negoziaketa mahaia egon badagoela eta Precora jotzea beharrezko ez dela dio Kortabarriak.
Batzordearen eskariak
Enpresa batzordeak eskatzen duena da, besteak beste, KPIren araberako soldata igoera: "Igoera handia dela diote. Esaten ez dutena da KPI negatiboa izan denean, orduan bai aplikatu izan dutela".
Lau urte hauetan bi soldata igoera egin ditu zuzendaritzak. Aurten izan da berriena, %4,3koa, "akordio faltak langileei eragin ez ziezaien" egindakoa, zuzendaritzaren arabera, baina komiteak dio igoera hori aurreko bi urteei ere badagokiela, zegokiokeena baino txikiagoa dela, eta, finean, enpresa batzordea kaltetzea dela asmoa.
BATZORDEAK DIO INBERTSIOETARAKO BADUELA DIRUA ENPRESAK, BAINA LANGILEENTZAT EZETZ
KPIren igoeraz gain, lanorduak murriztea ere eskatzen du batzordeak, eta baita jardun-egun kopurua ere; hirugarrenik, lan-poltsa bat galdegiten dute, gaitasun onak dituen jendez osatua, beharra denean bertara jotzeko, etorkizunean lantaldean egonkortzeko helburuarekin. Egungo baldintzekin, jende baliagarriak alde egiten duela eta enpresak, gero, edozeri heltzen diola diote.
Hori guztia, baldintza onetan liharduketen langileek zerbitzu hobea eskaintzeko proportzioa izango luketelako, enpresa batzordearen arabera; izan ere, GOIENAri nortasuna adierazi nahi izan ez dion ospitaleko erabiltzaile baten senideak dio, adibidez, "lan baldintza kaskarrak" igartzen direla gaixoei eskaintzen zaien arretan, "oso jende gutxi" dutela, eta ezin dietela behar besteko denborarik eskaini. Dio, esaterako, arreta handiagoarekin, bere senideak oinez ibiltzen jarraituko lukeela, baina, langileak iritsi ezin, eta "aulkian lotuta" dutela.
PERTSONAL FALTAK OINARRIZKO LANAK ATZERATZEA DAKARRELA DIOTE –GARBITASUNA...–
Lau urteko gatazkan 28 greba egun deitu ditu dagoeneko enpresa batzordeak. Zuzendaritzak behin baino gehiagotan salatu du "grebarako eskubidea oker erabiltzeak gaixoek familiekin komunikatzeko duten eskubidearen aurka" egiten duela, "bisitak eta irteerak oztopatzen dituela eta errehabilitazio ekintzak zailtzen", eta horrek "sentsibilitate falta" erakusten duela "giza talde zaurgarri" harekiko. Langileen ordezkariek, berriz, erabiltzaileen beharrez grebetan besterik ez arduratzea leporatzen diote zuzendaritzari.