Maiatzaren 21ean eta 22an egingo dute Naturan Jolasean ekimena

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mai. 13a, 10:26

Leintz Eskola Kirolak, Besaide Mendi Elkarteak, Gaztetxeko Guraso eta Haur Asanbladak, Udalako Ingurumen Eskolak, Guraso.eus-ek eta Txatxilipurdik elkarlanean, Naturan Jolasean jaialdiaren zazpigarren edizioa antolatu dute hurrengo astebururako.

Heziketa Berdearen eremuan jarduten duten hainbat adituren ikerketa zein ekimenaren bueltan dauden elkarteetako "esperientzia propioetan" oinarriturik, ondorioztatu dute egungo jendarteak "gero eta kontaktu txikiagoa" duela inguruan dituen natur eremuekin. "Aldi berean, argi dugu, natura ordezkorik ez duen osasun, ongizate, ikasketa eta sormen iturri agorrezina dela eta hau horrela, beharrezko ikusten dugu natur guneekiko atxikimendua areagotzeko dinamikak sortzea", nabarmendu dute.

Hori dela eta, naturari balioa emateko askotariko ekintzak egingo dituzte maiatzaren 21ean eta 22an. Honako hau da egitaraua:

Maiatzak 21, zapatua:

  • 10:00etan eta 12:00etan, ESPELEOLOGIA TXANGOA – Montxongo kobaren barna, Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako haurrei zuzendua eta bi txandatan banatua.
    * Izen ematea ikastetxeetako LEK-eko koordinatzaileen bidez egin beharko da.
  • 11:00etan ORIENTING TXANGOA – Santa Barbarako dragoitik hasita eta Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailakoei zein kirol egokituko taldeari zuzendua.
    * Ez dago izen ematerik.

Maiatzak 22, domeka, Monterron parkean:

  • 11.00etan KALE HEGAZTIAK EZAGUTZEKO IBILBIDEA – Maiatzaren 1a plazatik hasita, Naiara Corcueraren gidaritzapean (prismatikoak gogoratu).
  • 12:30ean ARTE AUZOLANA – POOK artista kolektiboko kideek bideratua.
  • 14:00etan BAZKARI LIBREA – Zeuk ein zeuk jan formatuan.
  • 16:30ean HAURTZAROKO YOGA SAIOA – Sara Miguelezek gidatua.
  • 18:30ean KONTZERTU AKUSTIKOA – Leire Etxezarreta eta Pello Herizen eskutik.

Aipaturiko ekintza gidatuez gain, egun osoan zehar, "jolas libre espontaneoan" aritzeko txoko zein baliabideak egongo dira: zuhaitz zintzilikaria, irakurketa txokoa, oreka gunea, lokatz-gunea, musika txokoa eta abar.

Eguraldiarekiko jarrera

Eguraldiaren aurrean duten jarrera ere azpimarratu dute. "Euria edo eta hotzaren aurrean, ekipamendu zein babes neurri egokiak harturik, naturaz gozatzeko parada izan dezakegula adierazi nahiko genuke. Hau horrela, maiatzaren 21 zein 22an euriaren bisita izan arren, egitarauaren goizetako ekintzak mantentzeko saiakera egingo dugu", azaldu dute.

Informazio gehiagorako, hainbat bide daude: 943 79 54 46 zenbakira deitu edo txatxilipurdi.eus webgunean sartu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak