Industria Diseinuko Berrikuntza taldeak urtero antolatzen duen lehiaketa da. Goi Eskola Politeknikoak San Pankrazio zaindariaren eguna ospatzeko antolatzen dituen ekintzen barruan egiten da. Pandemiaz geroztik antolatu den lehena izan da gaurkoa, eta, urtero lez, helburu bikoitza izan du; batetik, parte-hartzaileen ahalmen zientifiko-teknikoak ebaluatzea, eta, bestetik, lehiaketaren bidez ikasleen motibazioa sustatzea.
Parte-hartzaileek tramankulua diseinatzeko tamaina ertaineko oilo-arrautza (egosi gabe eta ozpinetan busti gabe), kartoi mehea, fardel-jaria eta ukipen-kola soilik erabili ahal izan dute. Behin tramankulua eraikita, hamabost metroko altueratik, futbol-zelairantz bota dituzte arrautzak, euren tramankuluak erabiliz. Hiru irizpide kontuan hartuta banatu dira, ostean, sariak: arrautza apurtu gabe ahalik eta urrunen botatzea, estetikoki erakargarria izatea eta hegaldi ikusgarria lortzea.
Sarituak
Hegaldirik luzeena Arroza kubatar erara taldearena izan da – 10,5 metro –. Yoselin Natalia Gantxozo, Nahia Perez eta Eneko Barcinak osatu dute taldea. Hegaldirik politenaren saria Lola taldeak eraman du – Jon Castillo, Olain Sanzberro, Nagore Arrazola eta Nahia Astorkia –. Azkenik, diseinurik onenaren saria Gorriontxu taldeak irabazi du – Idoia Baztarrika, Eider Etxegarai eta Nerea Manso –. Guztiak Industria Diseinuko Ingeniaritza Graduko lehenengo mailako ikasleak dira.