Hari-instrumentu musikarien txanda da

Hasier Larrea 2022ko mai. 12a, 13:05
Argazkia: Arrasate Musikal.

Udaberriko Musikaldiaren baitako hirugarren kontzertua Arrasate Musikalen hari-orkestrak girotuko du bihar, barikua, San Frantzisko elizan, 19:30ean hasita, askotariko estilo eta aroetako kantuekin. Zapatuan, ordu berean, Piacere dei Traversik joko du Kulturaten.

Musika eskolaren orkestra sinfonikoa Udaberriko Musikaldiko ohiko gonbidatua zen pandemia aurretik. Testuinguru berrira egokituta, hari-orkestra osatu zuten 2020an, eta halaxe hasi ziren parte hartzen Udaleko Kultura Sailak antolatzen duen ziklo musikal horretan. Irailetik aurrera orkestra sinfonikoa berreskuratzea espero du Arrasate Musikalek, baina gaur, biolin, txelo, biola eta kontrabaxuz osatutako musikariak igoko dira San Frantzisko elizako oholtzara.

Iker Olazabalek zuzenduta, guztira, musika eskolako 26 ikasle, ikasle ohi eta irakasle arituko dira biolinak, txeloak, biolak eta kontrabaxua astintzen. Olazabalek berak onartu du "poz handia" ematen diela Musikaldian urtero parte hartzeak, "maila handiko talde garrantzitsuak" etortzen direla kontuan hartuta. Urtarrila ezkero daramate errepertorioa lantzen; zuzendariak aurreratu duenez, "kontraste handiko kantuak" joko dituzte, eta amaierarako gordeko dute zatirik "indartsuena". Albinoni, Norman Leider, Edward Elgar eta L. Bernsteinen obrak interpretatuko dituzte; tartean, azken konpositore horren West Side Story filmeko abestiak.

Udaberri musikala, ate joka

Datorren ostiralean hasita, gainera, Arrasate Musikaleko kideek Udaberri ziklo musikaleko egitarauari ekingo diote. Ekainaren 17ra arte iraungo du eta, guztira, hogei kontzertuz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, musika eskolako ikasleek eskainitakoak guztiak.

Musika errenazentista

Udaberriko Musikaldira itzulita, zapatuan jarraipena izango du kartelak, Valentziatik etorriko den Piacere dei Traversi emakumezko laukotea arituko baita Kulturaten, 19:30ean. Zeharkako flauta eta sopranoaren ahotsa musika-tresna bezala darabilen konsorta da, Errenazimendu garaiko doinuak lantzen dituzte, eta musikaren eta arteen historian emakumeek izan zuten eginkizuna aldarrikatzea eta musikaren eta literaturaren artean dagoen harremana erakustea da kontzertuetan bilatzen dutena. Daukaten kalitatearen froga da GEMA sarietan finalistak izan zirela 2019an eta 2020an, Errenazimenduko musika talde eta disko onenen kategorietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak