Kristalezko material fotosentikorrez errebelatutako irudiak ikusgai daude joan den domekatik datorren ostiralera arte Etxaluze gizarte zentroan. Gipuzkoa belaunaldien artekoa proiektuaren atal bat osatzen du erakusketak, ISEA enpresako kideek osatu dutena; tartean, Aitor Orobengoak: "Gure ardura nagusia ingeniaritzarekin lotutako ikerketak bultzatzea da, baina, noizean behin, gizartearekin lotutako dinamikak egiten ditugu; gazteak eta helduak inplikatzeko egitasmoa jarri dugu martxan, eta argazki zaharren erakusketak Arrasate zenbat aldatu den egiaztatzeko balio izango dio jendeari".
Mendia familiaren ondarea
Guztira, 46 argazki aukeratu dituzte paneletan erakusteko, gehienak 1880 eta 1936 urte artekoak. Herriko Plazako iturriaren parean bizi zen Mendia familia aberatseko kide baten argazki-makinarekin ateratakoak dira. Balio historiko handikoak, bide batez: "Egin kontu zelulosa XX. mende hasieran asmatu zela, eta ikusgai daudela lehenago ateratako argazkiak. Material plastiko horren faltan, kristalezko plakak erabiltzen zituzten kameretan, western filmetan agertzen diren tankerakoak", azaldu du Orobengoak. Mendia sendiarena zen etxea birgaizterakoan aurkitu zituzten irudi zuri-beltzak, eta Arrasate Zientzia Elkartekoen eskuetara iritsi ziren. Bertako kideek utzi dizkiete ISEAkoei, beraz.
Detailez betetako argazkietan zaldizko gurdien presentzia nabarmena ageri da; Canovas del Castilloren hilotza eramaterakoan eta Donostiako Orfeoia herrira iristerakoan, esaterako: "Trena hartzeko Zumarragara joan beharra zegoen; ondorioz, bailarako ibilgailu handiena hura zen".
Hamarkada horiei buruz "ezagutza gutxi" dagoela dio antolatzaileak, eta galeriak "laguntzen" duela testuinguruaren ideia bat egiteko.
Herri "txiro" baten erretratuak
Gaur egungo Arrasate "urbanoa" nekazari herri txikia zen XIX. mende bukaeran, oraindik argindarrik ez zegoen garaian. Alde zaharreko kaleen inguruan baserriak zeuden, eta aberastu nahi zutenak Ameriketara joaten ziren sarri, herri euskaldunak "nahiko txiroak" zirelako.
Jendartearen nolakotasunaren informazio grafikoaz gain –janzkerak, ohiturak...–, basoak ze desberdinak ziren ere froga daiteke: "Ez zegoen pinurik, tokiko zuhaitzak –arteak, pagoak...– bakarrik. Pinua XX. mende hasieran ekarri zuten Eusko Ikaskuntzako kideek Kaliforniatik, hazkunde azkarreko zuhaitzak behar zirelako armak eta garraioak egiteko".
Santa Agedako hasierako bainu-etxeko eta 36ko gerraren osteko Aprendices eskolako irudiekin dago osatuta erakusketa.
Iraganaren dibulgazioa
Argazki zaharren erakusketaren ateak martitzenetik domekara daude zabalik, arratsaldero, eta asteburuetan goizez baita. Hilaren 20an izango du azken eguna, Jose Maria Arizmendiarrieta erdigunean jarriko duen galeria instalatuko baitute hurrengo egunean, ekainaren 6ra arte. Egitasmoaren bigarren kapitulua izango da, Orobengoaren esanetan, asmo argi bati erantzungo diona: "Arrasatear askori lana eman dion eredu kooperatiboa sortu zuenaren bizitza erakutsi nahi dugu argazkitan, gaur egun herritarren %10ek baino ez baitakite nor izan zen, inkesta baten arabera". Gazteenek herriko iragana ezagutu dezaten, herriko ikastetxeetako ikasleei zuzendutako bisita gidatuak egingo dituzte Etxaluzen datozen egunotan.
Adituen hitzaldiekin indartuko dute "XIX eta XX. mende arteko garai ezezaguna eta Arrasate garaikidea" azaltzeko egitasmoa. Euskararen sorrerari ere helduko diote, nahiz eta oraindik ez duten ponentziaren datarik zehaztu.
Hitzaldiak Etxaluzen
• Hilaren 19an, 18:00etan, Josemari Velez de Mendizabalen eskutik, 1880-1936: Inflexio historikoko puntua.
• Hilaren 26an, 18:00etan, Ana Isabel Ugalderen eskutik, Arrasateko modernizazioa: Pedro Viteriren bultzada.
• Ekainaren 6an, 18:00etan, COPRECIren sorrera, enpresako sortzaileen eskutik.
• Ekainaren 16an, 18:00etan, Jose Mari Larramendiren eskutik, Arizmendiarrietaren balioen unibertsoa.