Partaidetza-kuotaren %90ekoa izango da laguntza, eta Udalak gehienez ere 200 eurorekin lagunduko du haur bakoitzeko. Gainerako %10 familiak ordainduko du. Udalak zuzenean ordainduko dizkie emandako dirulaguntzak udalekuak antolatzen dituzten tokiko elkarteei.
Dirulaguntza jasotzeko, batetik, urteko diru-sarrera gordinek ezin izango dituzte honako zenbateko hauek gainditu: bi pertsonako bizikidetza-unitateetan, 20.000 euro; hiru pertsonako bizikidetza-unitateetan, 26.000 euro, eta lau pertsona edo gehiagoko bizikidetza-unitateetan, 30.000 euro. Arrasaten erroldatuta egon behar dute, eta eguneratuta izan behar dute udal-tasa, -isun eta -zergen ordainketa.
Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaituko da. Eskabideak modu telematikoan aurkez daitezke www.arrasate.eus webgunean edo aurrez aurre BAZen.
Maitane Muñoz Gizarte Ongizateko zinegotziak adierazi duenez, helburua da haurrak udalekuetara joateko aukerarik gabe ez geratzea, onuragarria delako haientzat. "Izan ere, udalekuetan ikasi eta ondo pasatzeaz gain, pertsonen arteko harremanak sustatzen dira eta balio asko lantzen dira. Oporretan, udalekuek aukera ematen diete haur askori euskaraz bizitzen jarraitzeko, eta eragina izan dezakete euskaraz integratzeko unean".