ELA sindikatuak deitutako bost eguneko greba amaitu eta hamar egun eskasera, Aita Menniko zuzendaritza batzordeak urrats bat eman du Enpresa Batzordearekin izaten ari diren lan gatazka konpondu asmoz. Prentsa ohar bidez adierazi dutenez, lan gatazkak konpontzeko Gipuzkoako zerbitzu publikora (Preco) eraman dute gaia.
Oharrean hala jasota, "ospitaleko langileek egindako ekarpenei kasu eginez eta negoziazio mahaiko bileren maiztasuna handitzeko egindako eskaeren" ondorioz hartutako borondatezko erabakia izan da. Zuzendaritzaren helburua zerbitzu publiko honek bi aldeak bilera batera deitzea, "bitartekari lanak egitea" eta lan-hitzarmenaren inguruan "adostasun batera heltzea" da. "Neurri honek egoera desblokeatzeko eta adostasun batera iristeko fruituak ematea espero dugu", gehitu dute.