Dagoeneko greba egiten duten 24. eguna izan da gaurkoa, ELA sindikatuak eta enpresako zuzendaritzak ez dutelako adostasunik lortu. "Langileen prekarietatea" salatu gura dute grebaldiarekin: "Lanaldi partziala duten langileak nabari dira Aita Mennin, lan kargak gero eta handiagoak dira eta errotazio handia dago, langileek eurek Osakidetzara jotzea erabakitzen dutelako lan baldintza hobeen bila". Horrek guztiak pazienteen arretan eragina daukala diote, baina erakunde publikoek eta enpresak "entzungor" egiten diotela egoera horri.
ELAk onartezintzat jo du "negozioa lehenestea osasunaren aurretik". Eta gaineratu du Aita Menni taldearen egoera finantzieroa "sekulakoa" dela: "Azken lau urteetan 20 milioi euroko inbertsio materialak egin ditu, langileen lan baldintzak alde batera utziz".
ELAk "negoziatzeko borondatea" agertu nahi izan dio enpresako zuzendaritzari, gatazkari "behin betiko irtenbidea" emateko. Horretarako, erakundeei ere egin die dei: "Osakidetza, Aldundia eta osasun mentaleko eskumena duten instituzio ezberdinei eskatu nahi diegu Aita Menniko langileen lan gatazkan esku hartu eta lan baldintza duinak bermatzeko pausuak ematea".
Era berean, Arrasateko herritarrak gonbidatu dituzte langileek deitutako mobilizazioetan parte hartzera.