Arrasateko erdiguneko bidegorri sarearen %30 dago eginda orain arte

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mai. 9a, 14:49

Araba etorbidea eta Gipuzkoako Foruen plaza lotuko dituen bidegorri zatia egiteko lanak.

Lehendik Gernika ibilbidea eta beste bide batzuk ere bazeuden arren, 2015ean hasi ziren bidegorri sarea osatzen, Ibon Arrupe Arrasateko Udaleko Hirigintza, Ingurumen eta Mugikortasun batzordeburuak azaldu duenez. Zazpi urteren ostean, %70 falta da sarea osatzeko.

Gernika ibilbidea, Musakolatik Erguinera Monterrondik barrena doana, duela 30 bat urte hasi ziren egiten, baina, definizioz, ez da bidegorria, Arrupek adierazi duenez, bizikletek eta oinezkoek partekatzen duten bidea baizik. "Hori hala izanik, modu esklusiboan bizikletei zuzendutako bidegorria 2015ean hasi ginen egiten", gaineratu du. Arrasate pasealekuan, Arimazubi ondoan, ekin zioten sare hori osatzeari.

Duela zazpi urte, bide horri ekin ziotenean, Udal Gobernuak garbi zeukan bizikletentzat bakarrik izango zen sarea osatu gura zuela, bidea motordun ibilgailuekin partekatu barik. "Oñatin, Durangon eta Zarautzen, esaterako, bidegorria errepidetik doa, autoekin bide bera partekatuz, baina aukera hori baztertu egin genuen hasieratik. Batetik, juridikoki ez dagoelako argi guztiz legezkoa den errepidean marrak margotzea eta, bestetik, udaltzainak ere horren aurka daudelako guztiz", azaldu du Arrupek.

Genero ikuspegitik begiratuta, azpimarratu du frogatuta dagoela bidegorri segregatu eta seguruak "askoz gehiago" erabiltzen dituztela emakumeek. "Mugikortasunean, oso aztertuta dago genero ikuspegia. Garraio publikoan, adibidez, askoz ere emakume gehiago ibiltzen da gizonezkoak baino eta bizikletan, bidea ez bada segurua, emakume gutxiago ibiltzen da. Hori da beste arrazoietako bat bidegorri segregatuaren aldeko apustua egiteko".

Halere, puntu bat da salbuespena: Araba etorbidetik Zerrajera kalera sartzeko zubia. Hirigintza, Ingurumen eta Mugikortasun batzordeburuaren esanetan, irizpideetako bat da,bidegorria egiteko, motordun ibilgailuentzako bideei kentzea espazioa, eta ez oinezkoentzako bideei. "Zubi hori, ordea, estua da eta ez zegoen beste aukerarik. Beraz, orain, errepidearekin partekatutako eremua da eta bidegorri segregatuarekin lotzen da aurrerago, ospitalerantz".

Zerrajera kaleko sarreran, bide partekatua.

Bi ardatz ditu bidegorri sareak

Arrasateko bidegorri sarean, gune batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapekoak dira eta besteak, Arrasateko Udalaren ardurapekoak. Elorregitik datorrena, eta orain egiten ari diren Kataideko zatia, Aldundiaren ardurapekoak dira eta Aretxabaletara bidean, Arrasate irteeratik aurrerakoa ere bai. Garagartzako zatia ere, Arabako mugaraino, Aldundiarena da. Erdiguneko gainontzeko zatiak Udalari dagozkio.

Bi ardatz nagusi ditu Arrasateko bidegorriak: Eskoriatza-Elorregi adarra, garai bateko Vasco-Navarro trenaren bidetik pasatzen dena, eta Musakola-Garagartza adarra.

%70 falta da sarea osatzeko

Udalari dagokion eremuan, erdigunean, sare osoaren %30 egin dute azkenengo zazpi urteetan, Arrupek adierazi duenez, eta helburua da sare hori osatzen joatea, pixkanaka-pixkanaka, urbanizazioak berritzen joan ahala. "Plangintza handia eskatzen duten proiektuak dira, eta osotasun baten baitan aztertu behar dira, ezin ditugu besterik gabe bidegorriak egin". Izan ere, "kalitatezko bidegorri sare, seguru eta duina" eraikitzea da Udal Gobernuaren helburua.

Egiteko dauden zatiei begira, hainbat puntutan banatu ditu: batetik, Gipuzkoa etorbidetik Musakolako kiroldegirainoko zatia, Lapurdi kaletik barrena, Legarra plaza ondotik, Antso Abarka kaletik aurrera. "Hori landuta dago. Teknikarien aldetik adostasun zabala dago eta Gipuzkoa etorbidean, muralak dauden paretaren aldeko espaloia kendu egin beharko dugu. Irabazitako espazio horrekin, bidegorri segregatua egingo dugu eta mantendu egingo ditugu motordun ibilgailuendako bi noranzkoak".

Gipuzkoa etorbidetik Lapurdi kalerako sarrera.

Era berean, egiteke dagoen beste zati bat da Zalduspetik, fabrika zaharrak botata eta parke txiki bat eginda, erreka ondotik, AGA eta JMA lantegietatik, Musakolako San Isidro elizaraino doan zatia.

Zalduspetik AGA lantegirako zatia.

Bi zati horiek datozen lauzpabost urteetan egitea aurreikusten du Udal Gobernuak, datorren agintaldian. "Ikusi egin beharko da nor dagoen Gobernuan, baina bidegorriaren gaian adostasun zabala dago", nabarmendu du Arrupek.

Bestalde, Etxe Txikien urbanizazioa aprobetxatuz, Gipuzkoa etorbidea eta Nafarroa etorbidea lotzeko bidegorri zatia ere txertatuko dute datozen hilabeteetan.

Gipuzkoa eta Nafarroa etorbideak lotuko ditu bidegorri zati berri batek.

Uribarrin beste zati bat

Gautxori esparruaren baitan, dagoeneko hasi dira biribilgune berria egiten Uribarri auzoan, Garaia Parke Teknologikoaren sarreran, eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak beste bidegorri zati bat egingo du biribilgune horretaraino, gero Markuleterantz jarraitzeko. Horrez gain, Alecop aurretik doan bidegorri zatiarekin ere lotuko da sarea.

Zatirik zailena, erdigunekoa

Egiteke dagoen beste zati bat da Udala plazatik, Zarugalde kalean barrena, Ignazio Zuloagatik eta Otalora Lizentziaduna kaletik, Maalako biribilgunera doan tartea. "Aurreko agintaldian, saiakera egin genuen Muzibartik, Otalora Lizentziaduna kaletik, Goienako egoitzaren paretik pasatzeko bidegorria. Baina, espaloien zabalera kontuan izanda, oso konplikatua zen, eta, azkenean, Zarugalde kaletik joatea erabaki zen", azaldu du Arrupek. Horretarako, baina, kale hori oinezkoentzat bilakatu beharko litzatekeela dio. "Hala ere, ezinegon handia sortu zen auzotarrengan eta ideia lehiaketa bat egin zen. Kondekua parkean lur azpiko aparkaleku bat egitea izan zen ideietako bat, baina ez zuen aurrera egin orduko hartan". Orain, geldi dago gaia. "Zarugalde eta Ignazio Zuloaga kaleak oso estuak dira, aparkaleku asko eta espaloi estuak daude, eta hor bidegorria txertatu gura bada, zerbait aldatu behar da. Beraz, alternatiben gainean adostasunik ez dagoen bitartean, zaila izango da proiektu bat lantzea". Hala, zati hori luzatu egingo dela onartu du zinegotziak.

Muzibartik Maalako biribilgunera arteko zatiak eztabaida handiak eragin izan ditu.

100 aparkaleku desagertu dira

Bidegorri sarea egiteak beste egitasmo batzuk martxan jarri beharra eragin diela adierazi du Arrupek; esaterako, TAO sistema. "Ibilgailuei espazioa kentzean, aparkalekuak kentzen dituzu, edota bi noranzkoko kaleak bakarreko bilakatzen, eta alternatibak eskaini behar dira. Orain arte egindako bidegorriak 100 bat aparkaleku kendu ditu, eta alternatiba TAO sistema izan da. Bidegorri sarea zabaltzea bermatuko duen tresna bat da TAO, izan ere, aparkaleku falta konpentsatzea lortu du, hein handi batean".

EH Bildu: "Ez da lan egiten sare osoa eraikitzeko"

Oposizioan dagoen EH Bilduren ustez, bidegorri sarea mugikortasun iraunkorraren "funtsezko" piezetako bat da. "Gero eta gehiago murrizten ari gara autoarekin mugitzea (trafikoari moztutako kaleak, TAO...), eta mugitzeko beste modu batzuk bultzatzen ari gara, hiri atseginagoak eta enpatikoagoak lortzeko; horretarako, funtsezkoa da bidegorri segurua, bereizia eta praktikoa izatea".

Halere, bide horretan, Arrasateren erritmoa "oso motela" dela diote. "Debagoieneko herrien atzean kokatuta gaude, eta gainerakoentzat erreferente izan beharko genuke". Hala, ez dute uste mugikortasun iraunkorra Gobernuaren lehentasunen artean dagoenik, eta apustu "askoz irmoagoa" eskatu dute. "Ez da sare globala eraikitzeko lan egiten, zati txikiak egiten dira, egin behar diren beste obra batzuk aprobetxatuz".

Sare global, seguru eta bereizi baten aldeko apustua egiten du oposizioko taldeak. "Badakigu sare hori gauzatzeko zailtasunak izango dituzten guneak egongo direla eta beharrezkoa bada, bizikleten eta oinezkoen elkarbizitzako tarteak beharko direla. Zenbait kasutan, behin-behineko neurriak hartu behar dira, behin betiko konponbideak eman arte. Horri gizalegea esaten zaio".

EH Bilduren ustez, "berehala" osatu beharko litzateke bidegorri sarea: "Anbizio handiko plan bat garatu beharko genuke, epe zehatzekin, egungo egoera iraultzeko. Uda atarian dugun honetan, zein ederra izango litzatekeen Musakolako igerilekura joango diren neska-mutil guztiek bidea beren bizikletetan egitea. Euren auzoetatik, bidegorri sare seguru, bereizi eta praktikoa erabiliz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak