Alberto Urretxo: "Eskertzekoa da horrelako ekimenak antolatzea"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko mai. 6a, 08:00

Alberto Urretxo musikaria. Argazkia: Goiena.

XVIII. Udaberriko Musikaldia abian da, maiatzaren 22ra arte. Bihar, zapatua, Kulturateko areto nagusian arrasatearraren Soinuaren bidaia proiektua entzuteko aukera egongo da.

Soinuaren bidaia ekimeneko zuzendari eta koordinatzailea da Urretxo. Bihar egingo dute kontzertua, 19:30ean.

Soinuaren bidaia. Ze talde ekarri duzu?
Boskote formatuan egingo dugu emanaldia: hari laukotea tronboiarekin. Laura Delgadok eta Iñigo Grimalek biolina joko dute; Adriana Grigoras biolarekin izango da; Javier Martinez Campos txeloarekin; eta ni tronboiarekin. Grimal, Delgado, Grigoras eta ni neu Bilboko Orkestrako musikariak gara, eta Javier Martinez Campos gaur egun orkestra nazionalean dago. Musikaria izateaz gain, konpositorea ere bada; diskorako idatzi zuen Camino simbiótico obra ere joko dugu.

Zer eskainiko duzue?
Confluencias diskoko lanak joko ditugu. Gure proposamena izango da bigarren diskoan grabatu genituen eta hari laukotera eta tronboira egokitu genituen J. Mahlerren lanak eskaintzea. Azaltzen dugu nola hasten zaren zure bidea ezagutzen eta askatasuna bilatzen... Horrek markatzen du gure programa. Mahlerren abestiak joko ditugu eta baita hirugarren diskoko Gudari obra, Ricardo Mollarena. Denek dakigu ze suposatzen duen, eta zela erabiltzen dugun, gudari hitzak: sozialki eta politikoki ze suposatzen duen eta nola erabiltzen dugun. Camino simbiótico obra ere joko dugu, eta joko dugu baita Gasteizko bandako zuzendari izan zen Hilario Extremianaren pieza bat. Gure helburua da Arrasaten hirugarren diskoa aurkeztea.

Zuretzat, zer esan nahi du etxean jotzeak?

Arrasatera etortzea beti da berezia; batez ere, nik bezalako lana duen batentzat, oso berezia da egiten duzuna herrian aurkeztea. 

Oso berezia da. Urte asko daramatzat kanpoan eta oso gustura joaten naiz Arrasatera. Lagun asko dauzkat, familia... Publikoa ikusteaz pozten naiz. Gainera, ni ere Arrasate Musikalen hasitakoa naiz eta horrek berezi egiten du emanaldia. Arrasatera etortzea beti da berezia; batez ere, nik bezalako lana duen batentzat, oso berezia da egiten duzuna herrian aurkeztea. 

XVIII. Musikaldia abian da. Jarraitzen duzu egiten dena?
Bai, dagoeneko urte batzuk daramate ekimenarekin; gainera, hasierako ekitaldietan ere izandakoa naiz. Oso eskertzekoa da horrelako ekimenak antolatzea. Arrasaten beti egon da musikarekiko zaletasuna: banda, Goikobalu, Orkestra... Horrelako ekimenek kostu bat dute; Udalak apustua egitea eta eskaintzea herriari horrelako ziklo bat oso berezia da. Ez da leku guztietan egiten.

Bi urteren ondoren, nabaritu duzue normaltasuna?
Ganbera-musika orain hasi da mugitzen, baina profesionalak ez gara geldi egon; nolabait esatearren, diru publikoarekin bizi garenak, irakasleak, orkestrako
kideak, egin duguna da lan gehiago jende gutxiagorendako. Normaltasun berrian, hasi dira gauzak programatzen, eta ikusten dugu entzuleak agertzen direla; baina ez pentsa, lehen ikusten zen publikoa oraindik ez da ikusten. Ez daukagu lehen geneukan publikoa.

Soinuaren bidaia proiektua nola abiatu zen eta egun ze puntutan dago?
Proiektua 2015ean finkatu genuen, gure lehenengo diskoarekin, baina proiektua aurretik dator. Adriana Grigorasek eta biok pertsonalki eta profesionalki garatzeko proiektu bat egin nahi genuen. Oso berezia da tronboia hari instrumentuekin eta abesbatzarekin entzutea; normalena da banda batean edo xarangan ikustea... Hori da biapuntua. Gainera, Euskal Herrian ditugun musikariak eta konpositoreak ezagutzera ematea ere bada gure nahia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak