"Idazten dut"

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko api. 30a, 09:14

"Neure burua ez dut poeta moduan ikusten, poesia liburu bat idatzi badut ere". "Beti idatzi izan dut". "Ni historialaria naiz; nire alter ego Irene Tristan da ipuinak kontatzen dituena". "Hurkoaren lekuan jartzen saiatuko naiz, neu ere askotan egon naiz-eta Kulturaten eserita entzuten". "Idazlea? Ni ez naiz idazlea, baina bai, idazten dut". 

Arrasateko bost idazle elkartu zituzten atzo, Kulturaten, Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira antolatuko HitzArtea Km 0 ekitaldian. Maria Oses, Marian Porcel, Iker Barandiaran, Arantza Otaduy eta Eneko Barberena izan ziren oholtzara igo zirenak. Judit Ruiz de Munain idazleak gidatu zuen saioa, eta, Jokin Mitxelena ilustratzaileak, bat-batekoan duen trebezia erakutsiz, bost idazleen hitzak irudi bihurtu zituen.

Apirilaren 23an ospatzen da Liburuaren Nazioarteko Eguna. UNESCOk 1995ean ezarri zuen eguna, Cervantes, Shakespeare eta Garcilaso de la Vega hil ziren eguna aintzat hartuz. Eta hain justu, idazle ezagun horien hitzak erabili zituen Ruiz de Munainek bost arrasatearrak aurkezteko. Atzoko ekitaldian baina, bertako idazleei eman nahi izan zioten garrantzia: "Idazle batzuk ezagunagoak dira, eta beste batzuk gutxiago, baina herri guztietan daude idazten duten pertsonak, baita txikienetan ere".

Bost idazleen artean gazteenak eman zion hasiera saioari. Beste batzuei irakurritakoak bere "galbahetik pasa eta moldatuz", maitasunaz hitz egin zuen Maria Osesek. Maite asuna izenburua jarri zion idatziarekin maitasun erromantikotik harago mintzatu zen: zaintzaz, auto-maitasunaz, identitateaz, etiketez, eta nola ez, itzulpengintzaz.

Marian Porcelek Nevermore gazteentzako bere nobelaren pasarte bat irakurri zuen. 2019an Bilbon kokatzen da istorioa, garai hartan klima aldaketaren harira kalera irten ziren gazte mugimenduak inspiratuta. Soinuz girotu zuen bere hitzartzea; txalaparta, bele beltzen hitzak… eta bozgorailutik ozen berba egin zuten hegaztiok marraztu zituen Mitxelenak ere. 

Mikrofono aurrean jartzen hirugarrena izan zen Iker Barandiaran. Beldurraren eta laguntasunaren inguruan idatzitako artikulu bana irakurri zituen. Ezjakintasunak eragiten duen beldurraz, deserosotasunaz, mesfidantzaz eta aurreiritziez berba egin zuen. Helburu zehatz batzuk lortzeko beldurra erabiltzeaz, errepikatzen diren albisteetako titularrez, korrontearen kontra egitearen zailtasunaz, eta azkenik, errenditzeaz. Arrazakeriaz, manipulazioaz eta koronabirusaz. Bigarren artikuluarekin, laguntasunari buruzkoarekin, harremanen hausturaz jardun zuen. Nahita edo nahi gabe aldendutako lagunez. Beraien artean oso ezberdinak izan arren, sasoi bateko errealitateak elkartu eta beste batekoak urrundu zituen lagun talde batez. Laguntasunaren konplizitateaz eta kalitateaz. 

Hainbat mende atzera egin zituen Arantza Otaduy historialariak, ezagutzen ez diren emakumeen istorioei dagokien lekua egiteko asmoz. Mugikorra eskuan, Acomardiy kontakizuneko pasarte bat irakurri zuen, XVI. mendean Arrasaten gertatutako emakume baten istorio gogorra. Ez zuen esatari trebe moduan aurkeztu bere burua, baina entzuleak bete-betean murgildu zituen istorioan.

Azkenik, Eneko Barberenak eman zion itxiera ordubeteko saioari. Ekitaldirako propio idatzitako ipuin laburra irakurri zuen. Frankismo garaian, artaziak egiten zituen Arrasateko lantegi bateko langile Manuel zuen protagonista istorioak. Eta, amaierara salto eginez, esan daiteke, Manuel langileak erakutsi zuela beste guztien gainetik zegoela sinesten zuen nagusia baino aise argiagoa zela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak