Zapatu honetatik maiatzaren 22ra arte iraungo du Arrasateko Udaleko Kultura Sailak antolatzen duen Musikaldiak. Guztira, sei taldek joko dute Kulturateko areto nagusian eta San Frantzisko elizan. Azken agertoki horretan hasiko da musika-zikloa, Ensemble Tylman Susatoren emanaldiarekin.
"Kantuko konsorte misto" bezala definitzen dute taldea Ane Olasok, Alfonso Zocok, Clara de Biurrunek eta Iñaki Amezketak. Iruñeko Ganbera Abesbatzan eta ensemble estiloko talde ugaritan bildu dute esperientzia. Moko-txirulak, ganba-biola, klabea, organo positiboa eta perkusioa jotzen dituzte, eta guztiek egiten dute kantuan. Taldeari jarri dioten izenarekin XVI. mendeko "konpositore handiari" egiten diote erreferentzia: "Kaligrafoa eta Anberesen tronpeta jotzaile aktiboa ere izan zen Tulman Susato, eta musika garrantzitsuko lehen editoriala ezarri zuen haren herrialdean; besteak beste, garaiko hainbat dantzari egin zizkion konponketak".
DANTE ALIGHIERIREN 'JAINKOTIAR KOMEDIA' OBRAKO ATALAK BIRSORTUKO DITU LAUKOTEAK
400 urte atzera
Euren errepertorioak XVI. eta XVII. mendeetara garraiatuko ditu ikus-entzuleak. Erdi Aroko antzinako musika, errenazentista eta barrokoa interpretatuko dituzte, Dante Alighieri poetaren Jainkotiar Komedia-ko Inferno, Purgatorio eta Paradiso atalen birsortze bat eginez: "Labur esanda, gure asmoa da XVI. eta XVII. mendeetako musikaren bidez infernuaren, zigorraren eta bekatuaren ideiak eta Jainkotiar Komediako pertsonaia batzuk nola irudikatu ziren erakustea". Hori horrela, Inferno zatiari dagozkien bost konposizio eskainiko dituzte, Purgatorio-ari dagozkien beste bost eta Paradiso-ri dagozkien sei. Aurreratu dutenez, entzungai egongo dira, besteak beste, Cold song de King Arthur, Domine labia mea aperies eta Chacona del Paradiso e dell'Inferno izeneko antzinako konposizioak.
Ikuskizun "didaktikoa"
Piezak jotzen hasi aurretik, azalpen laburrak emango dituzte, Abilio Echeverria Pagola nafarrak itzulitako Danteren bertso batzuk irakurriz. Era berean, kantu bakoitza dagokion testuinguruarekin lotuko dute. Gainera, kontzertuan erabilitako musika-tresnak bertatik bertara ikusi ahal izango ditu publikoak bukaeran, baita musikariei galderak egin ere. Modu horretan, "zorroztasun historikoko musika interpretaziotik harago" iritsi nahi dute euren zuzenekoetan.
Hurrengo asteetan datozenak
- Ensemble Soinuaren Bidaia (Alberto Urretxo): Maiatzaren 7an, 19:30ean, Kulturateko areto nagusian.
- Andra Mari Abesbatza: Maiatzaren 8an, 19:30ean, San Frantzisko elizan.
- Arrasate Musikaleko Soka Orkestra: Maiatzaren 13an, 19:30ean, San Frantzisko elizan.
- Piacere dei Traversi: Maiatzaren 14an, 19:30ean, Kulturateko areto nagusian.
- Harribitxi: Maiatzaren 22an, 19:30ean, Kulturateko areto nagusian.