Errealitate ilunak argiztatu dituzte 'Lumineszenteak' erakusketan

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko api. 29a, 08:00

Irantzu Pastor eta Igone Mariezkurrena, liburuarekin, erakusketan.

Atzo, eguena, ireki zuten Lumineszenteak erakusketa Kulturateko klaustroan, eta bi astez egongo da ikusgai, maiatzaren 13ra arte, astelehenetik zapatura, 17:30etik 20:30era. Munduko hainbat txokotako 63 emakumeren istorioak eta bizipenak jaso dituzte Irantzu Pastor argazkilariak eta Igone Mariezkurrena kazetariak, izen bereko liburuan.

Emakume Txokoak, Arrasateko Udaleko Kultura Sailaren laguntzarekin, Luminiszenteak erakusketa ireki du Kulturateko klaustroan. "Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak eta zenbait erresilientzia istorio" jaso dituzte argazkilariak eta kazetariak, izen bereko liburuan: "Hau da, diskurtso nagusietan lekurik ez duten emakumeen bizitza-istorioak eta irudiak".

Mariezkurrena eta Pastor, Hijra kolektiboko kide batekin, Indian.

Azken lau urteotan Palestinan, Indian, Lakota nazioan eta Euskal Herrian bertatik bertara dokumentatutako narrazioak eta material grafikoa dakartza erakusketak. Izan ere, Palestinan egin zuten lehenengo geltokia, eta gero, Indiara egin zuten jauzi. Hirugarren geldialdia Lakota nazioan egin zuten, Ipar Amerikan, eta laugarren eta azken geltokia Euskal Herrian izan da. "Pobretze egoeretan, indarrezko lekualdatze egoeretan, okupazio egoeretan, gerra testuinguru horietan, badira indarkeria mota batzuk. Guk, gainera, ikusezin izendatu ditugun indarkeria horiei, zeharkakoak edo mikro izena ere jarri diegu batzuetan, nahiz eta ondorioak lazgarriak izan. Eta, esan bezala, emakumeei eragiten diete, hain justu, emakume izate hutsagatik, emakume izate horrek bere baitan inplikatzen dituen rolengatik, betebeharrengatik eta gizarte arau horiengatik", adierazi du Mariezkurrenak.

Ahalik eta argazki osoena erakustea izan da egileen helburuetako bat, "ahalik eta errealitate mosaiko aberatsena osatzea", eta horregatik jo dute lau puntu horietara. "Bagenekielako kontraste handia eragingo zigula lan egiteko moduan, jasoko genuen materialean, istorioetan eta erretratuetan", gaineratu du kazetariak.

Datuak eta testuinguru osatua

Mariezkurrenak onartu du "hitzez hitz" jaso nahi zuela emakumeek kontatutakoa. "Bestetik, bazeuden baita ere hutsune asko. Banekien emakume hauek kontatutakoa osatu behar nuela datuekin, erreferentzia bibliografikoekin eta abarrekin, askok ez daukatelako diskurtso egituraturik, politikorik eta era kontziente eta ahaldundurik. Hori jantzi behar nuen, eta, bestetik, zeuden gure bizipenak, gure hausnarketak, gure eztabaidak, gure negarrak, irriak. Inoren ahotan entzun ez genituen gauzak, baina bai ikusi, usaindu, sumatu genituenak. Horiei guztiei ere egin nahi nien erreferentzia. Hiru narratiba desberdin antzematen dira liburuan, hain justu, alde horiek guztiak osatzeko", zehaztu du.

Lakota Nazioan lanean (Hego Dakota, AEB), Crazy Horse Memorialaren aurrean.

Bidaia "fisikoa eta pertsonala"

Liburuko argazki gutxi batzuetan bi egileak ere agertzen dira, Pastorren esanetan, bientzat bidaia "fisikoa zein pertsonala" izan baita. "Gu hor egon gara, gu ginen aditzen ari ginenak eta emakume hauekin hartu-eman hori genuenak. Subjektibotasun hori bera testuan ageri da, eta irudietan ere bildu nahi genuen. Bidaia liburu bat izanik, esperientzia oso bat da; gurea, pertsonala".

Istorio "gogorrak eta intimoak"

Mariezkurrenak aitortu du istorio "gogorrak" jaso dituztela eta neurtu egin behar izan dutela hori. "Esate baterako, kontakizuna iristen zenean oso mutur intimoetara, batez ere sexu gehiegikeriekin zerikusia zuten istorioetan, pentsatu dudanean ez diola ekarpenik egiten kontakizunari eta ideia orokorrari, kanpoan geratu dira pasarte horiek. Saiatu nintzen, gainera, elkarrizketa egiten nuen bitartean ere hori helarazten eta ulertarazten solaskideari. Elkarrizketa eta bisitaldi asko itzultzaileen laguntzarekin egin genituen. Hizkuntza falta zitzaidan, eta beste baliabide batzuk erabili behar izan ditut. Niretzat baliagarria izan da koadernoa eta boligrafoa erabiltzea, apunteak hartuz adierazten niolako aurrean nuen emakumeari esaten zidan hura ondo apuntatzen ari nintzela. Gehiegizkoa zen mutur batera iritsita, apuntatzeari uzten nion eta hori berehala ulertzen zuen parean nuenak", dio kazetariak.

Islam, semea zaintzen, Aida Camp errefuxiatu eremuan (Palestina).

Pastorrek gaineratu du kontatu dizkieten istorioak, kasu askotan, haien familiakoek eta ingurukoek ere ez zekizkitela. "Bizi izan duten hori lehenengo aldiz berbalizatu dutenean, negarrez aritu dira gehienetan. Bestalde, hori aditzen ari zarenean errespetuz ari zara eta duintasun hori mantentzea izan da egin behar genuen zerbait. Kontakizunarekin bezala, argazkiekin ere jokabidea berbera izan da. Negarrez hasten zirenean ez nituen argazkiak egiten".

Euskal Herriko errealitatea ere bai

Nabarmendu dute munduko hainbat txokotako errealitateak bai, baina Euskal Herrikoa erakustea ere argi izan dutela hasieratik. "Ez genuen mundua zein gaizki zegoen adierazi nahi, hemen ezer gertatuko ez balitz bezala. Bagenekielako bazeudela ikusezin ziren hainbat emakume eta hainbat egoera. Eta horietako batzuk aipatu ditugu".

Ingurukoentzat argia dira

Proiektuaren izenari dagokionez, azken buruan etorri den zerbait izan dela adierazi dute bi egileek. "Emakume hauek guztiek badute zerbait berdintzen dituena eta, hain justu, da testuinguru, leku, familia eta egoera oso ilunetan jaio eta hazi direla, baina, hala ere, gai izan direla aurre egiteko horri. Eta, gainera, badirela argia ingurukoentzat. Erreferentzia, zentzu batean, eta kemena kutsatzeko gai. Eta hortaz, gustatzen zaigu esatea proiektu hau, izena bera bezala, anbibalentea dela", nabarmendu dute. "Testigantza, irudi eta istorio oso gogorrak jasotzen ditugu, indarkeriazkoak. Emakumeak biktimak dira, zentzu horretan, baina, batez ere, emakume borrokalariak dira eta beren patua aldatzeko determinazioa duten emakumeak dira. Iluntasunean argia dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak