"Adin guztietakoek gozatzeko moduko egitaraua antolatu dugu"

Hasier Larrea 2022ko api. 27a, 19:38

Eguenetik domekara luzatuko dira San Andresko jaiak, aurreko bi urteetako lehortearen ostean. Auzoko jai batzordeak 2020ko ekitaldi gehienak mantendu ditu, baita berriak gehitu ere, azken hilabeteetan egindako lana medio. Babesle ugariren laguntza behar-beharrezkoa izan zaie horretarako.

Zazpi lagun aritu dira buru-belarri urtea hasi zenetik jaiak antolatzen. Horietako bat da Oiana Sanchez. Oso gustura daude parte hartuko duten talde eta eragileen kopuru eta kalitatearekin. Jaiek jende asko erakarriko dutelakoan dago.

Nola eramaten da aurrera guztira 23 ekintza dituen egitaraua?

Lehenik eta behin, ekitaldi indartsuenei ematen diegu garrantzia. Gure kasuan, zapatu gaueko rock kontzertua, bigantxa eta ponien ekitaldia eta adineko auzotarren bazkaria izan ohi dira, jende gehien erakartzen dutelako. 2020ko jaietarako lotu genituen Reincidentes eta Dientes de Luna; kontzertua bertan behera gelditu zenez, aurten etorriko dira. Gero, tokiko taldeekin jartzen gara harremanetan. Ostiral gaueko ikuskizuna, esaterako, saiatzen gara inguruko talde gazteekin betetzen, hartara, ikus-entzule gazteak erakartzeko. Ez da hain rockeroa izango. Arrasaten asko aldatu da panorama musikala; rapari eta hip-hopari tartea eskaintzea erabaki dugu, Ipsiroy eta Zulo Crew gonbidatuta. Gainera, zerbait alternatiboa ere izango dugu, Albina Stardust eta Divina Comedia-ren monologo musikatuarekin. Azken hori San Andresko auzotarra dugu, eta oso bikote jatorra osatzen dute.

Haurrei begirako ekintzak ere antolatu dituzue.

Puzgarriak, Oztopo Trialsin taldearen erakustaldia, marrazki lehiaketa, zumba tailerra, txalaparta tailerra, buruhandiak, pailazoak, poniak eta bigantxak... Ekitaldi batzuk Kurtzebarri Plazan edo Plaza Berrian egitekoak ginen, baina bidegorria egiteko lanak hasi direnez, zuloz eta hesiz josita dago gunea. Hortaz, arriskuak saihesteko, bertan programatutako ekintzak Gudarien Plazara lekualdatu ditugu, marrazki lehiaketa, esaterako. Horrekin batera, jendeari obrak dauden tokian kontuz ibiltzeko eskatu nahi diogu; gauez, batez ere. 

Kartelean babesle ugari ageri dira...

Aurten estrategia berria jarri dugu martxan, eta eman ditu bere fruituak. Ohiko babesleez gain – auzoko komertzioak, enpresak, atariak...– auzoan lan egin ohi duten hainbat autonomok jarri dute dirua, kartelean agertzeko aukeraz gain, sare sozialetan publizitatea egiteko aukera ere eskaini dugulako. Hori ikusita, babesle berri askok deitu gaituzte.

Hein handi batean, eurei esker kaleratu duzue hain egitarau oparoa.

Bai, bai! Jendea ez da txaranga batekin konformatzen, kalea musikaz blai egotea gura du, eta baita guk ere. Horri lotuta, esan nahi dugu jai batzordetik ez dugula etxafuegorik botako. Animaliei, haurrei eta adinekoei begira, bereziki. Guk zarata musikaren bidez egingo dugu.

Egongo al da kartelean iragarrita ez dagoen nobedaderik?

Domekan, eguraldi ona eginez gero, kiliki eta erraldoien kalejira egongo da, 12:00etan.

Domeka iluntzera arte iraungo du festak...

Ttakun txalaparta elkartekoen tailerrarekin amaituko ditugu jaiak. Errebuelta kaleko plazatxoan hasiko da 20:00etan, eta bukaeran emanaldia eskainiko dute. Espero dugu, ohi bezala, kale horretan bizi den gure auzo-alkatea balkoitik irtetea megafonoarekin, jaiei agur esateko.

Beste zerbait gehitu nahi?

Auzotar eta herritarrak jaietan parte hartzera animatu nahi ditugu. Era berean, jendeari jaietan parte hartzen uzteko deia ere luzatu nahi dugu. Asteburu bat izango da, eta mesedez, utz iezaguzue festa-giroaz gozatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak