Joseba Jaka sormen beka, Ines Osinagarentzat

Jon Irizar Aranguren 2022ko api. 5a, 17:33

Ines Osinaga, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Goiena)

Elkar argitaletxearen Joseba Jaka beka irabazi du Ines Osinagak; Arrasatekoak urtebete izango du Kubako emakume musikariengandik jaso dituen bizipenetan eta istorioetan oinarria duen Itsasoa da bide bakarra proiektu musikatua lantzeko.

Elkar argitaletxeak kultura adierazpide askotariko artistendako duen beka da 1996an hasi eta 2016an biziberritu zuten Joseba Jaka sormen beka. Aurreko aldietan, literatura eta antzerki sormenerako egokitu dituzte, eta musikaren alorrera bideratu dute aurten. Hamazortzi artistak aurkeztu zuten hautagaitza, eta astean iragarri dute 10.000 euro –erdia dirutan eta beste erdia estudio-orduetan ordainduta– irabazi duen proiektua dela Ines Osinagaren Itsasoa da bide bakarra izenekoa.

Proiektu "handinahia eta bizia"

Joana Barbier, Sara Zozaya eta Jon Eskisabel epaimahaiko kideek proiektuaren "bizitasuna" aipatu dute, "sormen prozesuko unean uneko bizipenek, gertaerek eta esperientziek forma eman eta edukiz osatuko" duten lana dela iritzita, eta "proiektu handinahia eta artistikoki interesgarria" iruditzen zaiela gaineratu dute. Osinagak eskertu egin du bekak sortzaileari ematen dion babesa, baina ez alde ekonomikoagatik soilik.

"Sorkuntza prozesuan bete-betean zaudenean, ziurgabetasunez beteta zaude egiten ari zarena zertan bukatuko den ez dakizulako, eta bekak, bada, sorkuntzarako beka dela aintzat hartuta, bultzada ematen dit, ekonomikoa eta azpiegiturari dagokiona, batetik, baina baita kanpo aitortza batek ematen didan bultzadagatik ere".

Lana, hiru fasetan banatuta

Disko bat egitetik haragoko proiektua da Itsasoa da bide bakarra, Kubako kultura, historia eta gizartea hobeto ezagutzeko aukera emango duelako.

"Kubatik etorri berri naiz; hilabetez izan naiz han ikerketa eta saretze lanak egiten. Emakume musikari ezberdinekin batu naiz eta lan handia egin dugu. Kubako egonalditik ekarri dugun soinu-materia guztiarekin lanean hasiko naiz orain, eta nora eramaten gaituen ikusiko dugu, eta hori guztia gorpuztea eta eszenaratzea litzateke proiektuaren hirugarren fasea. Zerbait argitaratzea da asmoa; zehaztu barik dugu, oraingoz, zelakoa eta zein formatutan argitaratuko dugun. Sorkuntza bidean zehar joango gara horiek guztiak argitzen".

Esku artean proiektu gehiago

Gogotsu dago proiektuari bete-betean heltzeko, nahiz eta aitortzen duen beste proiektu batzuk ere badituela. "Azkeneko urteetan ez dut ezer argitaratu, eta badirudi lozorroan egon naizela, baina askotarikoak eta lan asko egin ditut, eta horiek erakusteko desira dut orain, eta hala egingo dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak