"Egitarau zabala osatzen eta adin-tarte askotariko herritarrei zuzendutako proposamenak biltzen" saiatu dira aurten ere Udal Bibliotekako langileak. Hori ez ezik, "ekitaldi erakargarriak" programatzea lortu dute, literaturaren munduarekin lotutako balioak behar bezala ordezkatzeko.
Ipuinak jolas
Hala, lehen bi ekintzak etxeko txikiei begirakoak izango dira. 5 urtetik gorako haurrei zuzendutako Yogipuinak saioa egingo du Kulturaten bihar, 18:00etan hasita, Maite Arrese kontalariak. Beasaindarrak lehen aldiz aurkeztuko du ipuinak eta yoga uztartzen dituen jarduera Arrasaten. Bertan parte hartzeko plazaren bat geratzen ote den jakiteko, Arrasate.eus atarian begiratzea komeni da.
Hurrengo ekitaldia, ostera, Santa Marinako bibliotekan egingo dute, hilaren 8an, barikua. Xabier Olaso gonbidatuak haur poesia jolas bihurtuko du 3 eta 6 urte arteko haurren gozamenerako, Tximeletrak airera izenburua jarri dioten saioan. Poeta bizkaitarra egona da Udal Bibliotekako egitarauren batean lehendik ere, bere lana estimatzen duten seinale.
Herriko idazleen plaza
Apirileko azken ostiralean borobilduko dute Liburuaren Egunaren bueltako zikloa; modu berezian, gainera. Izan ere, Arrasateko sortzaileentzat gorde dute egun hori, helduek "ikuskizun indartsu batez" gozatu dezaten. Zehatzago esateko, herriko bost idazlek –Marian Porcel, Eneko Barberena, Maria Oses, Arantza Otaduy eta Iker Barandiaran– euren lanak partekatuko dituzte publikoarekin, eurek idatzitako lanen pasarte bat jendaurrean irakurriz. Bien bitartean, Jokin Mitxelena ilustratzaileak hitzak irudi bihurtuko ditu, Kulturateko areto nagusian bertan, zuzen-zuzenean. HitzArtea KM0 titulua jarri diote ekitaldiari, eta Judit Ruiz de Munain arduratuko da ikuskizuna gidatzeaz. Udal Bibliotekako ordezkariek hauxe esan dute: "Aretxabaletan garatu zuten formatu hau iaz, eta hortik jaso genuen ideia. Literatura eta ilustrazioa uztartzen dituen ekimena denez, aukera ematen du herriko sortzaileen lana ezagutzeko".
"Ilusioz" egindako lana
Literaturarekin lotutako proposamen bereziak egongo dira, beraz, arrasatearren eskura datozen egunotan. "Beti" bezala, oraingoan ere harrera ona jasotzea espero dute antolatzaileek.