Korrika 12:30ean pasako da bihar, egubakoitza, Elorregitik; 13:04ean, Maalako biribilgunetik eta 13:17ean, Portaloitik. Hala, hainbat ekintza antolatu dituzte Arrasaten. Gaur, esaterako, 19:00etan hasita, herriko kultura eragileek giroa alaituko dute, Biteri plazan edo Kulturolako aterpeetan.
Bihar, egubakoitza, 19:30ean, Nikotinaren emanaldia izango da Irati Topalekuan. Tolosar jatorrikoa den Jon Tolosa Belza da Nikotinako arima. Bidegabekeriez mintzo den abesti itsaskorretan reggae eta dancehall doinuak igarri daitezke. 2018an lehenengo diskoa kaleratu ostean, aurten Nirbana izeneko bigarren lana ari da aurkezten plazaz plaza.
Bestetik, 22:00etan hasita, gaztetxean Korrikaraokea egingo dute lehenik eta ondoren, DJ Txilardegik girotuko du gaua. Gero, 03:00etan, kulero, tanga eta galtzontzilo lasterketa egingo dute.
Bestalde, Korrika Txikia martitzenera atzeratu dute, eta 10:00etan hasiko da, San Isidron.