"Gaur egun, gizarteko esparru guztiak modu kapitalistan antolatzen dira, kultura eta artea barne. Horregatik, Deba Bailarako Kontseilu Sozialistatik, eta oro har Mugimendu Sozialistatik, ikusi dugu garrantzitsua dela kulturalki erakustea beste modu batean antolatzea posible dela, gizarte kapitalista gainditu ahal izateko". Filosofia horrekin garatu dute Kontseilu Sozialista Deba Bailarako kideek Guda Zelaia jardunaldia.
11:00etan ekin diote egitarauari, Kultura proletarioa eta Kultura Sozialista mahai-inguruarekin. Asier Kortabarriak gidatuta, Aitor Bizkarra, Hedoi Etxarte eta Nagore Arzallus aritu dira norbere ikuspuntutik hizketan. Artearen ezaugarriak politikak erabakitzen dituela eta herritarrak diziplina artistikoak ulertzeko alfabetatu beharraz mintzatu dira, besteak beste.
Hiru bloke kultural desberdindu dituzte: burgesa, klase ertainarena eta proletargoarena. "Kultura kapitalistaren emaitzak direnez gero, ezin daitezke kultura sozialista edo iraultzailetzat jo, ezta proletargoaren kultura ere", nabarmendu dute. "Arte sozialista perspektiba politiko eta historiko baten baitan" gorpuzten dela gaineratu dute, "eta ez eskema identitarioetan".
Artea eta kultura bereizte aldera, artea "kultura espresio bat" izango litzake, hau da, mundu ikuskera konkretu bat koadro batean edota liburu batean islatzeko modua, eta kultura "norbanako eta kolektiboek mundua ulertzeko modua" izango litzateke. Horregatik esaten dute klase sozialek eragin handia dutela kulturalki: "Mundua ulertzeko modua oso desberdina delako burges edo proletario baten ikuspuntutik; nola dagoen normalizatuta eguneroko zortzi orduko lanaldia, bizitza beste modu batera antolatzeko ezintasuna, eta abar".
Bazkal aurretik, Laia Blascoren argazkiak jarri dituzte paretan, Urretxindorrak DJak giroa goxatu bitartean. Bertso bazkaria egin dute ostean, Urko Arregi, Maide Garmendia eta Aitor Tatiegiren ekarpenekin. Arratsaldean Biteri plazan batu dira dozenaka lagun, Cypher izeneko rap erakustaldia zuzen-zuzenean jarraitzeko; Tata, Mutiko, Fane, Doce C eta Denso artistek euren kantuak zabaldu dituzte lau haizetara. Beste horrenbeste egin dute, gauean gaztetxean, elektronika lantzen duen J Martina taldeak eta Ezpalak rock bandak.
"Politikoki antolatzea posible da"
Bertso-saioa, rap erakustaldia eta kontzertua "merkatu logikatik aldentzen den ikuspuntutik" antolatu dute: "Pertsona hauek ekarpen bat egiten diote gure mundua ulertzeko erari, kasu honetan musikarekin. Gizartea ulertzeko beste modu batzuk azaltzeko beharra ikusten dugu, bai artearen antolakuntza kolektiboaren bidez, edo baita, adibidez, Gedar telebista eta beste hainbat komunikabideren bidez".
Kultura bera eta artea "guda zelai bat" dela iritzita, esparru hori borrokatzen jarraitzeko asmoa berretsi dute, "ezin delako kapitalismoaren menpe laga". Hori horrela, lehenengo jardunaldi hori "abiapuntu" bezala ulertu dute.