Dorleta Ibarra: "Enpresen rola gakoa da Garapen Jasangarriko Helburuak lortzeko, baina badira zailtasunak"

Miren Arregi Amasorrain 2022ko mar. 29a, 12:26

Industria eta teknologia sektore iraunkorrago baten garapenera bideratuta dagoen ikerketa taldea da Mondragon Goi Eskola Politeknikoko IMO (Innovation-Management- Organization). Dorleta Ibarra da taldeko kidea da, berrikuntza espezialitate-eremuko ikertzailea.

Berrikuntza kudeaketan duten esperientziatik, lan-prozesuetan bidelagun du D2030 ekimenak IMO (Berrikuntza-Kudeaketa-Antolakuntza) ikerketa taldea.

IMO industria sektore iraunkorrago baten garapenera bideratutako ikerketa taldea da. Zein da zuen egitekoa?

Gure ikerketa taldeak hiru p-ak biltzen ditu: Profit, Planet eta People. Alegia, ekonomikoa, ingurumenekoa eta soziala. Gure helburua da enpresei jarduera ekonomiko lehiakorrak garatzen laguntzea, karbono gutxiko ekonomiaren ildotik, kalitatezko enpleguekin eta inplikatutako pertsonekin. Hori lortzeko, lau espezialitate eremutan oinarritzen gara: Berrikuntza, Unibertsitate-ekintzailea; Pertsonen Kudeaketa Estrategikoa eta Ekonomia Zirkularra. Gure ikerketa, bereziki,
enpresetara bideratuta dago,
industrialak izan edo ez.

"D2030ek gure  ingurunearen eraldaketan parte hartzeko aukera ematen digu"

Hain justu ere, Debagoiena 2030 ekimenarekin ere badiharduzue lanean. Zein da zuen egitekoa elkarlan horretan?

Berrikuntzaren kudeaketan dugun esperientziagatik –metodologiak, prozesuak, teknikak, tresnak...–, Debagoiena 2030 ekimenak martxan dituen prozesuetan eta lan-ildoetan babesa ematen ari gara. Hain justu ere, D2030ek ikusten zuen teknika eta erreminten bitartez lan-prozesuak egituratu beharra. Azken finean, zelan lerrokatu proiektuak Debagoiena 2030en helburuekin, nola ikasketak jaso...

Zer eskaini diezaiokezue elkarri?

IMOtik ezagutza, ezagutza sortzeko gaitasuna, gure orientazio praktikoa eta ezagutza praktikara –metodologiak, prozesua, tresnak, dinamikak– eramateko gaitasuna eskaini diezaiokegu D2030i, baita beste eragile batzuekin interlokuziorako gaitasuna eta sareak sortzeko gaitasuna ere. Bestetik, D2030ek gure ingurunearen eraldaketan parte hartzeko aukera ematen digu guri, eraldaketa ekimen aurreratu eta erreal baten parte izatea eta egitasmo honetatik ikasi eta ondorioak ateratzeko aukera, ezagutza, ikerketa eta transferentzia gehiago sortu ahal izateko, besteak beste.

Zein uste duzu dela D2030ek egin diezaiokeen ekarpena eskualdeko ehun industrialaren bilakaerari?

Gaur egun ditugun erronkak oso konplexuak dira eta hauei erantzuna emateko aldaketa isolatuak ez dira nahikoa. Azkenean, eragileen, enpresen, kooperatiben, administrazio publikoaren, hezkuntza sistemaren, eragile sozialen... arteko lankidetza funtsezkoa izango da ezarri ditugun Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeko. Ez hori bakarrik, berrikuntzaren ikuspegi sistemikoa ere gako izango baita; alegia, ekimenen arteko sinergiak identifikatzea eta indartzea, emaitza sozial, ekonomiko eta ekologikoak biderkatu eta lurralde osora hedatze aldera. Hor ikusten dugu Debagoiena 2030 ekimenak lagun dezakeela. Azken finean, lankidetzan oinarritutako berrikuntza-ekosistema ireki bat antolatzen laguntzen dabiltza, eta, nolabait, hor pentsatzen dugu egin diezaiokeela ekarpena industriaren bilakaerari.

"Debagoienean badago lurraldearekin konprometitutako eragile sare bat"

Zeintzuk uste duzu direla Debagoieneko industriak sektore iraunkorragoa izatea lortze bidean dituen zailtasun eta balio handienak?

Argi dago Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko enpresen inplikazioa beharrezkoa dela; azkenean, eragile publikoetatik bakarrik trakzionatuz ez da-eta lortuko. Hor ikusten dugu enpresen rola gakoa izango dela, baina badituela zailtasunak. Enpresek, askotan, epe ertain-luzerako proiektuei ekiteko zailtasunak izan ditzakete, euren erronkak askotan epe laburrekoak dira eta. Ez hori bakarrik, gure esperientziatik ikusten baitugu enpresa txikien kasuan badagoela mekanismo praktikoen falta bat. Balioei dagokienez, esango nuke bailaran badaudela partekatutako balioak, badagoela gizartearen eta enpresen dinamika ekintzaile bat eta badagoela baita ere lurraldearekin konprometitutako eragile sare bat.

Industria eraldaketa justuaren bidean, zein erantzukizun du unibertsitateak? Nondik egin dezake ekarpena?

Mondragon Unibertsitatearen misioa gizartea eraldatzea da, irakaskuntzaren, prestakuntzaren, ezagutza sortzearen eta transferentziaren bitartez. Hala, gure ardurak dira, besteak beste, ezagutzak sortzen eta transmititzen jarraitzea, gizartearen eraldaketan eragile izango diren pertsonak prestatzea edo lankidetzan lan egiten jarraitzea eta lankidetza bultzatzea.

MGEPk Hirekin proiektua jarriko du martxan, eta hor bultzatzaile da D2030. Zertan da?

Hirekin-ekin, hain beharrezkoa den industria iraunkor eta justu baterako trantsizioa bultzatuko da enpresen, ekintzaileen, ikertzaileen eta ikasleen lankidetzaren bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak