Hamasei proiektu daude aukeran bozketa fasean

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mar. 24a, 15:47

Gaizka Eraña (EH Bildu), Anuska Ezkurra (EAJ-PNV) eta Aritz Murua (PSE-EE), BAZen.

243 proposamen aurkeztu zituzten arrasatearrek aurrekontu parte-hartzaileetako lehen fasean eta, ostean, herritar boluntario talde batek eta udal teknikariek hamasei proiektu hobetsi dituzte, horien bideragarritasuna lehenetsiz. Bihar, egubakoitza, hasiko da bozketa fasea eta apirilaren 10era arte luzatuko da.

Iazko azaroan abiatutako Zeuk erabaki prozesua bukaerako fasera iristen ari da. Gaur egin dute bozketa fasearen xehetasunak aurkezteko prentsa agerraldia Anuska Ezkurra zinegotziak (EAJ-PNV), Gaizka Erañak (EH Bildu) eta Aritz Muruak (PSE-EE).

Lehen fasean, 243 proposamen aurkeztu zituzten arrasatearrek eta gero bigarren fasea garatu dute, azterketa fasea. Boluntarioz osatutako talde batek gaika banatu eta aztertu ditu proposamenak, eta horietatik hautatutakoak teknikoki xehatu dituzte udal teknikariek, horien bideragarritasuna bermatzeko.

Askotarikoak dira proiektuak

Modu horretan, hamasei proiektu aukeratu dituzte azken faserako. Honako hauek dira proiektuak:

  1. Pumptrack-a San Kristobalen, bizikleta eta patineteentzako zirkuitua (125.000 euro).
  2. Aramaio errekaren ondoko bidegorria argiztatu, Alecopetik Markuletera (120.000 euro).
  3. Gipuzkoa etorbideko zebrabideak argiztatu eta egokitu (115.000 euro).
  4. Uribarrin skate park-a (100.00 euro).
  5. Arrasaten euskararen memoria jasotzeko proiektua (65.000 euro).
  6. Bizikletentzako aparkaleku seguruak (60.000 euro).
  7. Komun publikoak jarri Itxaropena eta Nao Santiagoko haur parkeetan (60.000 euro).
  8. Santa Barbara parkea hobetu, eserlekuak eta zakarrontziak berrituz (50.000 euro).
  9. Arrasateko udal artxiboaren digitalizazio proiektua (50.000 euro).
  10. Calistenia parkea San Josepen, aire librean soinketa egiteko gunea (41.500 euro).
  11. Zigarrolako balkoia aisialdirako egokitu (40.000 euro).
  12. Zebra-bideen ikusmena hobetzeko aparkalekuak egokitu (25.000 euro).
  13. Arrasateko emakumeen historiaren ikerketa lana (24.000 euro).
  14. Erguingo txakurren gunean jolasteko elementuak jarri (18.000).
  15. Idazketa tailerrak, hitzaldiak eta bisita gidatuak egin, herriko kultura eskaintza zabaltzeko (7.600 euro).
  16. Kautxuzko topeak jarri Gipuzkoa etorbideko aparkalekuetan (1.800 euro)

Hamasei proiektuak, ikusgai, BAZen.

Bozketa fasea, bihartik martxan 

Bihar, egubakoitza, hasi eta apirilaren 10era luzatuko da bozketa fasea eta horretarako bi bide ireki dituzte: arrasate.eus/partaidetza webgunean edo aurrez aurre, BAZen, Kulturaten, Etxaluzen eta kiroldegian. Arrasaten erroldatuta dauden 10 urtetik gorako herritar guztiek bozkatu ahal izango dute (2012an jaiotakoak barne). NANa ez duten adin txikikoek nahikoa izango dute BAZen dokumentu identifikagarri bat aurkeztuta (liburutegiko txartela, kirol txartela, familia liburua…).

Proiektu bakoitzak aurrekontu bat du eta hainbat izan daitezke aukeratuak. Izan ere, Udalak 500.000 euro bideratuko ditu horietara, bi urtetan. Azpimarratu dute proiektu guztiak epaitu daitezkeela boto bidez, horietako bakoitzaren gaineko lau iritzi emateko aukera baitago: Asko gustatzen zait, gustatzen zait, ez nau asetzen eta ez nuke egingo. "Herritarrak animatu gura ditugu ahalik eta proiektu gehien baloratzea, berdinketa egon ezkero, lagundu egingo duelako horrek", azaldu du Ezkurrak.

Arrasateko Haur Kontseiluak bideo berezi bat prestatu du gaztetxoenen parte-hartzea bultzatzeko. Halaber, parte-hartze prozesura txikienentzako "ulergarri eta erakargarri" egiteko ahalegina begin dute udal ordezkariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak