Lezetxiki, neandertalden lurraldea hitzaldi-zikloko hirugarren eta azken saioa egin dute asteon Kulturaten. EHUko doktore, Iker Basqueko kide eta klaustroko erakusketako komisario Marijose Iriarte arkeologoak neandertalen garaiko klima aldaketak izan ditu hizpide, eta nola orduko gizakiak gai izan ziren "oso egoera klimatiko desberdinetan" bizi izateko.
Izan ere, Pleistozeno Erdiaren garaian, duela 700.000 urtetik aurrera, izozte eta desizozte fase ugari gertatu ziren Lur planetan. "Neandertalek aurre egin zieten muturreko tenperaturei, dokumentatuta baitaude espezie horren Iberiar penintsulatik Asiako ekialderaino aztarnak", azaldu du Iriartek.
Lezetxikiko animaliak
Hemen inguruan gertatutako glaziazio garaiak bereizten lagundu dute Lezetxiki kobazuloko amildegietan topatutako animalia desberdinen aztarnek:
"Garai hotzetan bizi zirela esaten digute leizeetako lehoien, bisonteen eta otsoen hezurrek; aro epelagoetakoak dira hegaztien hezurrak, mika, eper, galeper eta beleenak, kasu". Animalia bitxiena, ezbairik gabe, makakoa dela dio Iriartek: "Klima beroetako espezie hau Lezetxikin bizi izan zen duela 200.000 urte, ezki, haritz, arte eta pinu artean".
Baso irekien garrantzia
Animalientzat ez ezik, orduko giza espezieentzat gakoa izan zen baso irekien agerkundea. Horiek gabe, "nekez" biziraungo zukeen Afrikako baso itxietan Homo heidelbergensis espezieak: "Baina sabana antzeko baso irekiak sortzea ahalbidetu zuen klimaren dinamikak, eta gizaki haiek erraztasun handiagoa izan zuten inguru haietara moldatzeko, ez zutelako hotz handirik pasatzen".
Gaur egun planetako edozein tokitan bizi izateko gai bagara hori "kulturari esker" dela nabarmendu du Iriartek: "Giza gorputza berez ez da gai muturreko tenperaturei aurre egiteko, baina, aire girotua edota berokiak ditugunez, munduko bazter guztietan bizi gara".
Altxorrak kobazuloetan
Lezetxiki eta halako eremu estaliengatik ez balitz iragan urruna ezagutzea askoz ere zailagoa izango litzakeela gaineratu du arkeologoak, aztarnak ez liratekeelako modu egokian mantenduko. Koba barruko estalagmitak ere garrantzitsuak dira gizakiaren eboluzioari buruzko galderak erantzuteko garaian, "iraganean gizakiek bizitako goseteen berri" ematen baitute.
Konklusio modura, "datorren urtean metodoak aldatuko balira agian dakiguna ere aldatuko dela" adierazi du, oro har, oraindik ezagutza gutxi dagoelako neandertalei buruz: "Zenbat eta atzerago egin, orduan eta zailagoa da datuak aurkitzea".
Bukaerara bidean
Apirilaren 9an amaituko da Lezetxiki, Neandertalen lurraldea egitarau-sorta. Bien bitartean, erakusketara bisita gidatuak egingo dituzte gaur eta datozen bi eguenetan. Zapatu goizean, berriz, Historiaurreko tekniken erakustaldia eta tailerra emango ditu Jose Julian Marquezek Zaldibarren, 11:30ean.
Ekintza horietan parte hartzeko izen-emateak bete egin dira. Argi geratu da, beraz, zer-nolako harrera jaso duten azalpen osagarriek.