Rurru Mipanochia: "Pieza artistikoetan gizarte jakin baten ideia nagusiak islatzen dira"

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mar. 28a, 10:02

Rurru Mipanochia ezizenez da ezaguna Almendra Sheira Castillo (Mexiko Hiria, 1989). Batetik, Tlazoltéotl, plazeraren eta pasioaren jainkosa erakusketa egingo du Emakume Txokoan martxoaren 31tik apirilaren 7ra. bestetik, bi tailer egingo ditu; apirilaren 1ean, librea eta apirilaren 2an, Emakume Migratuen Topaguneko saioa, biak 16:00etatik 18:00etara. Tailerretan parte hartzeko izena eman behar da Emakume Txokoan (emakumetxokoa@arrasate.eus / 943 79 41 39).

Irekiera egunean, martxoaren 31n, artistak zuzenean murala egingo du erakusketaren baitan, eta aukera izango da hura lanean aurrez aurre ikusteko. 16:00ak eta 20:00ak artean izango da ekitaldi hori.

Tazolteotl. Plazeraren eta pasioaren jainkosa. Nor zen?

Toci, gure amona, Ixcuina eta Tlaelquiani, zikinkeria jalea zen, plazeren eta bizitza atsegingarriaren erregina. Metaforikoki zaharra eta zikina birsinbolizatzen du, dimentsio jainkotiarrean anabolizatuz. Gorotza irensten zuen, "urratze" sexualaren metafora gisa. Bere izenaren jatorria bi hitz hauetatik dator: tlazolli (zikinkeria) eta teotl (jainkotasun). Urratzaileei gaixotasunak ekartzen dizkie, sendagaiekin osatu; urratze sexualak eginarazi; absolbitu; bizitza eman, baina suntsitu, era berean; zoramena eta heriotza ekarri. Metaforikoki, gorozkiz elikatzen zen, ondoren kaka egin eta zikinkeria energia positiboan transmutatzeko, kosmosaren funtzionamenduan eta orekan laguntzeko. Plazerera induzitzen zuen baina, era berean, urratzaile guztiek aitortu egin behar izaten zizkioten urraketa guztiak. Mesoamerikako zibilizazio batzuetan, hainbat iturriren arabera, ez ziren existitzen gerora kristautasunak ezarri zituen debeku zurrunak. Oro har, pentsamendu mesoamerikarrak zera zioen: Egin ezazu, baina neurrian. Kristautasunak ez zuen mina onartzen egunerokoaren parte gisa eta badakigu mina ekiditeko desioak asebete behar direla. Hala ere, erlijio horretan hori ez denez posible, blokeatu egiten dute, inpultsoa inkontzientzian erreprimituz eta lagun hurkoarengan proiektatuz, bera seinalatuz eta erruduntzat joz.

Mesoamerikan, ze sinbolismo dute jainkosek?

Energiaren edo jainkoaren arabera. Oro har, azpimunduarekin erlazionatitako entitateak dira, baina baita bizidunak ere. Bizitza eta heriotza haien esentzian dago inplizituki. Dualtasunarena, energia dualena, pentsamendu mesoamerikarrari atxikitako kontzeptua da.

Ikuspuntu mitologikotik, nola tratatu izan da sexualitatea han?

Hori eskulturetan, grafikoetan, mitoetan, erritualetan eta jaietan ikus daiteke. Pieza artistikoetan gizarte jakin baten ideia nagusiak islatzen dira. Sexualitatearen bitartez, jakintza transmititzen da eta gorputzaren gaineko araudiak islatu. Zibilizazioaren arabera, adibidez, iturri batzuek diote mexika kultura askoz kontserbatzaileagoa zela, era irekian homosexuala izatea zigortuta baitzegoen. Hala ere, erritualetan baimenduta zeuden, adibidez, bi gizonen arteko sexu harremanak. Halaber, adulterioa baino hobeto ikusita zegoen bi gizonen arteko sexu harremana. Emakumeei dagokienez, ez dut askorik aurkitu izan. Edozelan ere, kultura huasteca, mixteco/ zapoteca edota maya askoz ere permisiboagoa zen sexualitatearen inguruan. Heterosexualak ez ziren sexu harremanak ez ziren zigortzen. Halere, kultura guztiek egiten zuten sexualitate moderatu baten alde, komunitatearen eta kosmosaren ongizatea bermatzeko. Ahuianime-ek, sexu langileek, rol inportantea zuten komunitate horietan.

Feminismoak ze leku zuen hor?

Antropologo batzuen esanetan, kasu batzuetan, botere publiko berdinzalearen zantzuak daude. Harremanak osagarritasunean oinarritzen zituzten eta kasu batzuetan, gainera, bi "genero" baino gehiago onartzen zituzten. Emakumeek hezkuntzarako sarbidea zuten eta bortxaketa heriotzarekin zigortzen zuten. Dena den, ezin gara erromantiko jarri iraganarekin, baizik eta begi kritikoekin ikusi behar dugu, ulertzen saiatzeko, gure oraina eraikitzeko eta etorkizuna berreraikitzeko. Nola txertatzen duzu jakintza hori gaurkotasunean? Saiatzen naiz ezagutza sinbolikoaren esanahi zabala berreskuratzen maila plastikoan eta mitologikoan, adierazpen artistikoaren bitartez gaurkotasunean berrirakurketak sortzeko.

Zurea deseraikitze eta dekolonizazio ariketa bat dela diozu. Zergatik?

Kolonizazioak behartu gaituelako historia gabeko herria izatera, gure ezagutzak, ekarpenak, ohiturak eta izaki bizidun gisa daukagun estatusa ukatuz. Arraza eta generoa erabiltzen dira menderatutako gizartea arrazializatu eta generizatzeko. Breny Mendozak zera zioen: 'Kolonizazioak baldintza historikoak sortu ditu emakume indigena eta afrikarrek gal ditzaten haien gizartean gizonezkoekin zituzten harreman berdinzaleak eta gizonen menpe gera daitezen; are gehiago, gizon kolonizatuen menpe. Izan ere, genero menpekotasuna gizon kolonizatuek ezarri zuten, haien gizarteetan nolabaiteko kontrola mantentzeko'.

Nola animatuko zenituzke arrasatearrak saioan parte hartzera?

Elkar elikatuko garen espazio bat sortuko dugu, eta guztiok egin ahal izango ditugu gure ekarpenak. Erakusketa txikiaz gain, hainbat proiekzio egingo ditugu eta interesgarria izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak