Ziorla Kenpo taldea, gaztetzeko ahaleginean

Hasier Larrea 2022ko mar. 25a, 18:00

Argazkiak: Ziorla Kenpo taldea.

Kenpo izeneko arte martziala jorratzen duten taldekideek belaunaldi erreleboa emateko garaia iritsi dela ikusi dute. Alberto Narro hezitzailearen eskutik, gaztetxoendako doako ikastaroak antolatuko dituzte apirilerako eta maiatzerako.

2008an sortu zen Ziorla Kenpo taldea, Ziga-Gym gimnasioan. Iker eta Josu Letona anaiak arduratu ziren lehen ikastaroak emateaz, eta, entrenatzeko esparrua txiki geratu zitzaienez, Musakolako kiroldegira lekualdatu ziren. Gaur egun, bertan jarraitzen du hamabi lagunek osatutako taldeak, baina haize berrien falta sumatzen dute kideek. "Hiru gaztetxo dauden arren, gainontzeko bederatziok 40 eta 50 urte arteko adina dugu; argi dago taldea zahartu egin dela", adierazi du Iker Letonak, taldeko zuzendariak. Aurretik ere konturatu dira haurrei begirako saioak egiteko beharra bazegoela, guraso batzuek galdetu izan dietelako, baina ez dute pauso hori emateko aukera handirik ikusi, "egitekotan, ganoraz" egin nahi zutelako.

8 ETA 14 URTE ARTEKOEI BEGIRAKO SAIOETAN IZENA EMATEKO, DEITU 636 29 95 90 TELEFONORA

Orain iritsi zaie ordua, Alberto Narro egoki ikusi baitu-te horretarako. Letonaren kenpo ikasle izandakoa, irakaskuntzan trebatutakoa da Narro. "Saiatzen da arte martziala behar den bezala irakasten, haurrak jolas egitera bakarrik bideratu beharrean, beste kenpo irakasle batzuek egiten duten moduan", azaldu du Letonak. Hala, apirila eta maiatza artean ostegunero egingo dituzte saioak, 17:30etik 18:30era. Hasieran, doakoak izango dira, irailera begira oinarrizko taldea osatze aldera.

Norbere neurrira

Judoa eta karatea bezala, borrokara bideratutako arte martziala da kenpoa. Jatorriz zaharra izan arren, gaur egun praktikatzen den modalitatea 50eko hamarkadan garatu zen, Hawaiin. "Bertan bizi ziren txinatar eta asiar jatorriko pertsonek estatubatuarrengandik defendatzeko ikasten zuten kenpoa", dio Letonak. Berak "kasualitatez" deskubritu zuen duela hogei urte baino gehiago, lankide batek probatzeko gomendatu ostean.

Ordutik hona, etengabe praktikatu izan du, jakitun baita nolako onurak ekartzen dizkion: "Niretzat errutinatik irteteko eta estresa kentzeko modu bat izan da; oso efektiboa, gainera. Bestalde, gizartean gertatzen diren zenbait egoera kudeatzen jakiteko balio digu; istilutan sartu nahi ez arren, beste biderik ez dagoenean, nolabaiteko erremintak edukitzeko, alegia". Diziplina hori praktikatzen du-tenek ez dute helburu berarekin egiten, ordea: "Batzuk arazoak ahaztera datoz, beste batzuek defentsa pertsonal bezala hartzen dute eta badago txapelketetan izena ematera apuntatzen denik".

Funtsean, baina, filosofia bakarra dauka Ziorla Kenpo taldeak, "nork bere burua hobeto ezagutzea". Izan ere, ez dago kolpe zailak egiten ikasi beharrik, nahikoa izan baitaiteke oinarrizko mugimenduak egiten ikastea; musika talde batean gertatzen dena jarri du Letonak adibide modura: "Bi gitarra-jole desberdin egon daitezke, bata punteatzen eta bestea erritmoa jarraitzen. Hau berdina da, bakoitzak hartzen dio bere neurria eta ahal duen tokiraino heltzen da".

 

ALBERTO NARRO, HEZITZAILEA:

"Gaztetxoen jarrerak zuzentzeko baliagarriak izan daitezke saioak"

8 eta 14 urte arteko gazteen artean lehen aldiz emango ditu kenpo ikastaroak, baina esperientzia handia du arte martzialetan eta gizarte-hezitzaile.

Aikido diziplina irakatsi duzu orain arte. Kenpoa baino lasaiagoa da.

Aikidoa arerioaren erasoa baliatuz defendatzean datza, ez da kenpoa bezain bortitza. Kenpoan modalitate ugari daude: kata, defentsa teknikak eta borroka. Hiruretan lehiatu daiteke, eta hori pizgarria da.

Ondo dakizu zuk hori.

Txapelketa ugari irabazi ditut: Espainiakoa, Euskadikoa, Gipuzkoakoa, unibertsitate-mailakoak...

Eta nerabezarora iristen dabiltzanekin jarduten duzu orain.

Irakaskuntza ikasi nuen eta gizarte-hezitzailea naiz. Pedagogia ikasten nabil UNEDen. Gazte-justizia zentro batean lan egiten dut, delituak egin dituzten gazteekin.

Arte martzialek nola eragiten dute jarreran?

Autoritatea, arauak eta kideak errespetatzen ikasteko egokia da. Eskolan jarrera onik ez zuten ikasleen gurasoek esan didate arte martzialekin hobetu egin dutela. Oldarkorrak dira, eta jarraipena egiten diet, ez bakarrik nire ikastaroetan. Funtsezkoa iruditzen zait.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak