Maria Jose Carmona: "Bezero onak ditut, horri esker jarraitzen dut hemen"

Jone Olabarria 2022ko mar. 18a, 13:17

Maria Jose Carmona, Arrasateko Josle dendan, eguaztenean

Ia 26 urteko bidearen ostean, bezero fidelak ditu, bai barruko arropa eta pijamak erostera joaten direnen artean, baita konponketak egitera joaten direnen artean

Negozioa herrian bertan izatearen erosotasuna asko baloratzen du Carmonak. Konponketak egitetik bularretako eta galtzontziloak saltzera pasa zen, bezeroen eskariei erantzunda. Hain zuzen ere, azken horien garrantzia azpimarratu nahi izan du: "Bezero onak ditut, eta horri esker jarraitzen dut hemen oraindik".

Zenbat urte daramatzazu negozioarekin?

Arropa konponketak egiten hasi nintzen, azokako postu batean. 1996. urtea zen, eta, apurka, mertzeria ekartzen ere hasi nintzen, emakumeena zein gizonena, baita baserritarren jantziak ere. Eta, ordutik, Otalora Lizentziaduna kalean zaude... Handik lau bat urtera etorri nintzen gaur egungo lokal honetara, eta dagoeneko hogei urtetik gora daramatzat hemen.

Zergatik aukeratu zenuen mertzeria denda jartzea?

Egia esanda, gauza batek bestea ekarri zuen. Gustura nenbilen konponketekin, banuen lana. Baina jendeak mertzeria ere eskatzen zidan, eta horrela etorri zen. Gaur egun ere jarraitzen dut konponketekin eta bezero onak ditut alde horretatik ere.

Zure lanak duen onena zer da? Eta okerrena?

Gustatzen zaidana egiten dut, bezero onak ditut, eta horri esker jarraitzen dut hainbeste urteren ostean hemen. Okerrena, gainditu behar izan ditugun krisi guztiak: ekonomikoak, COVID-19a...

Ordutegi aldetik sakrifikatua da?

Niretzat ez, bereziki. Zapatu arratsaldeetan, adibidez, ez dut denda zabaltzen. Askotan plan- teatu dut aukera hori, baina ez dakit merezi duen, eta ez naiz inoiz animatu.

Zein da zure bezeroen profila?

Denetik, nahiz eta adin ertaineko jendea etortzen zaidan gehien. Emakume gehiago, normalean, baina egia da geroz eta gizon gehiago ere etortzen direla, konponketa egiteko lanak ekartzera eta barruko arropa erostera.

Zer da gehien baloratzen duzuna Arrasaten, herriko girotik?

Bertako dendari moduan, niretzat oso garrantzitsua da herritarrekin harremana eta lanerako erosotasuna. Oinez etorri naiteke lanera egunero, etxera joaten naiz eguerdian... Jendea ezagutzen da aurretik, eta harreman estua sortzen da.

Sare sozialak geroz eta garrantzitsuagoak dira negozio guztietan. Zuenean ere horrela da?

Sareetan gauden eta mugitzen garen arren, gurean negozioaren zati handiena, dena ez esatearren, denda fisikotik dator, bezeroa gurera etorrita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak