Añube taldea: "Abesti lasaiak ditugu, baina zuzeneko bizia"

Hasier Larrea 2022ko mar. 17a, 19:37

Añubeko kideak; ezkerretik eskumara, Jon Uribesalgo, Aitor Bedia, Beñat Gonzalez, Beñat Lizarralde, Ekaitz Goikoetxea eta Julen Garmendia (Argazkiak: Jon Ander Alberdi).

Bergarako, Arrasateko eta Ataungo kidez osatutako seikoteak lehen diskoa aurkeztuko du zapatuan gaztetxean, 22:00etan, Sabin bakarlariaren emanaldiaren ostean. Disko berria bertan izango dute salgai, eta datozen egunetan DAT tabernara eta Bergarako Arranora, behintzat, eramango dute.

Udazkenean grabatutako abesti berriak jendaurrean erakusteko garaia iritsi zaio Añuberi. Momentuz, zapatuan, hilak 19, Arrasateko gaztetxean izango dira, eta apirilaren 2an Bergarako kartzela zaharrean, The Clayton-ekin batera. Taldeko bi arrasatearrek, Jon Uribesalgo Uri-k eta Aitor Bedia Hans-ek, gerturatu dituzte proiektuaren nondik norakoak.

Hiru herritakoak izanik, nola egin duzue bat?

Hans: Beñat Gonzalez gitarra-jole bergararrak eta biok bazkaria egin genuen beste pare bat lagunekin, pandemiaren hasiera inguruan. Kartzela zaharrera joan ginen gauean, eta Julen Garmendia saxofonista ezagutu nuen. Irlandar flauta jotzen hasi zen, asko gustatu zitzaidan eta esan nion Beñati taldea osatu behar genuela hirurok.

Uri: Geroxeago, gau batez, Depos-Gaz entsegu lokaletan batu ginen lagun talde bat. Bergarakoak ere bazeuden tartean, eta entsegu bat egitera gonbidatu ninduten. Beñat Lizarralde bergararra ere baxua jotzen hasi zen, baina bateria-jolerik ez geneukan. Orduan, Egoitz Goikoetxea ataundarraren berri izan genuen. Astero agertuko ez zela espero arren, gogo handiarekin hartu du proiektua.

Interneten bi kantu entzun ahal ditugu jadanik (ikus artikuluaren azpian). Añubek badu berezitasunik.

Hans: Hemengo eszenako taldeenak baino doinu melodikoagoak egin nahi izan ditugu. Adibidez, punteatzeak Julen Garmendiak  egiten ditu saxoaz, gitarra-joleek egin beharrean. Hori bai, beti saiatzen naiz azaltzen gure musika ez dela oso punka; bai, ordea, oholtza gainean erakusten dugun jarrera.

Uri: Hasieran, estilo akustikoa geneukan, baina grabazio estudioan gitarra elektrikoek presentzia handiagoa hartu dute. Hala ere, diskoko tempoa nahiko lasaia da. Kontzertuetan azkarrago jotzen dugu; nolabait, jarraitzen dugun punk-rock eszenako taldeen antzera.

Urtebete pasatxo daroazue seiok batera, eta jada argitaratu duzue lehen lan fisikoa. Ideiak garbi zenituztela dirudi.

Uri: Ni taldean sartu orduko, Hans-ek, Beñatek eta Julenek landuta zeuzkaten sei kanturen oinarriak. Estudiora bederatzirekin joan ginen. Denok batera ezagutzera eman aurretik dezenteko lanketa zegoen egina.

Diskoaren azala. Iruñeako Sound of Sirens estudioan grabatu dute.

Gaiak aukeratzean, ze irizpide erabili dituzue?

Hans: Hitz gehienak nire bizipenetatik abiatzen dira. Batzuetan, desesperantzatik idatzi dut, gizarte hezitzaile bezala lan egin izan dudanean sentsazio hori gailendu zaidalako. Gai politikoak baino gehiago, pertsonalak dira; modu horretan, jendeak beregana ekar ditzake abestiak.

Uri: Askotan gertatzen da momentu txar batetik pasatzerakoan sormena piztu egiten dela.

Taldearen izena bera kuriosoa da.

Hans: Sarri abestu dut Ruperren Zaindu maite duzun hori, jakin gabe añubia hitzak zer esan nahi zuen; ja, ja. Eguzkia egun osoan sartzen ez den zuloa esan nahi du. Denborarekin onarpena hartu du izenak taldekideon artean. Bailarako hitza dugu, antzinakoa, eta gure artean ezezaguna.

Uri: Ea hemendik aurrera jendeak añube-ren esanahiaz galdetzeari uzten digun; ja, ja.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak