Airearen kalitatea "oso ona" izan zen iaz Arrasaten

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mar. 15a, 09:55

Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Estazioa, argazkiaren ezkerraldean, Jose Maria Arizmendiarrieta plazan.

Eusko Jaurlaritzak Jose Maria Arizmendiarrieta plazan duen Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Estazioan bildutako datuen arabera, Arrasaten 0,73 miligramo karbono dioxido (CO2) zenbatu zituzten metro kubiko bakoitzeko 2021ean. "Horrela, zifra hori parametro positibo batean kokatzen da".

Parametroei erreparatuta, 0 eta 5 miligramo artean badago, kalitatea "oso ona" da; 5 eta 7 artean badago, "ona"; 7 eta 10 artean egon ezkero, "hobetzeko beharra" du; eta 10 eta 15 artean, eta 15etik gora, "txarra eta oso txarra", hurrenez hurren.

Nitrogeno dioxidoaren (NO2) datuak ere "guztiz positiboak" izan ziren. Urte osoan, 14.42μg (mikrogramo)/m3-ko batez bestekoa gehitu zen, 87μg/m3-ko gehieneko balioarekin. Kasu honetan, parametroak honako hauek dira: 0 eta 50 mikrogramo artean egonez gero, kalitatea "oso ona" da; 50 eta 100 artean badago, "ona"; 100 eta 200 artean, "hobetzeko premia" du; eta 200 eta 400 artean, eta 400 baino gehiago, "txarra eta oso txarra", hurrenez hurren.

Bestalde, 10 mikra (PM10) baino diametro txikiagoko partikulek ere "datu onak" utzi zituzten 2021ean. "Metro kubiko bakoitzeko 14,89μg zenbatu ziren, eta parametrorik onenean dago". Hauek dira parametroak: 0 eta 20 mikrogramo artean badago, kalitatea "oso ona" da; 20 eta 40 artean badago, "ona"; 40 eta 50 artean, "hobetzeko beharra" du; eta 50 eta 75 bitartean, eta 75 baino gehiago, "txarra eta oso txarra", hurrenez hurren.

Nitrogeno dioxidoak soilik egin du gora

Aurreko urteetako datuekin alderatuta, nitrogeno dioxidoak soilik egin du gora, "oso arinki" bada ere (14.42μg 2021ean, +0,42μg 2020tik). "2020an 14μg zenbatu ziren eta 2019an, 19μg. Bestalde, karbono dioxidoa 0,8mg-tik 0,76mg-ra jaitsi zen, eta 10 mikra baino diametro txikiagoko partikulen kasuan, 15,7μg-tik 14,49μg-ra".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak