'Donbass, gerra Europaren bihotzean' dokumentaletik abiatuta, hitzaldia eskaini du Ibai Trebiñok

Jone Olabarria 2022ko mar. 13a, 19:04

2014an piztu zen gerra Donbass eskualdean eta haren nondik norakoak kontatzen ditu Ibai Trebiño eta Mikel Arregiren dokumentalak. 2015ean grabatua,  2016an aurkeztu zuten lehenengoz ikus-entzunezkoa. Gaur egun Ukrainan gertatzen ari dena ulertzeko, aurretik gertatutakoa eta testuingurua ezagutzeko aukera ematen duela azaldu du Trebiñok.

Askapenak antolatuta eskaini du hitzaldia Ibai Trebiñok. Mikel Arregirekin batera egindako dokumentalak, gaur egun, "balio handiagoa" duela adierazi du: "Paradoxikoa izan daiteke, baina gaur egun dokumentalak balio bat du. Azken batean, gertatzen ari dena ulertzeko garrantzitsua da lehen zer gertatu den ulertzea. Horregatik ari gara dokumentala berriz ere erakusten, azken urteetan Ukrainan gertatutakoa ulertzeko. Gerra ez da gauza berria, bai errusiarren erasoa, baina hau duela zortzi urte hasitako gerra da. Garrantzitsua da dena testuinguruan jartzea, ulertzeko nondik datorren gerra hau".

"Informazio partzializatua"

Hedabideek gaiari emandako trataera eta jarraipenaren inguruko hausnarketa ere egin du: "Lehen gerra zibil bat zen, Ukraina ekialdeko errusiar hiztunak ziren erasotuak izaten ari zirenak eta gaur egun Ukraina osora hedatu da eta bestelako dimentsio bat hartu du. Medioetatik eman zaion zabalkundeak zerikusi handia du horretan. Komunikabideek lehen isilarazi dutena, zortzi urtez, orain gure komunikabide gehienetan agertzen da".

Une honetan herritarrek informazio "partzializatua" jasotzen dutela salatu du Trebiñok: "Gure helburua bi aldetatik gatazka hori nola bizi zen erakustea zen. Gaur egun, zoritxarrez, ikusten dugu alde bakarreko informazioa ematen dela. bereziki Ukrainaren aldeko informazioa, nolabait esateko". "Linea ofizialetik irten diren kazetariek jasandako errepresioa" ere salatu du: "Pablo Gonzalez kazetaria kartzelan dago, eta bere askatasunaren alde lanean jarraituko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak