Haurren mundu-ikuskera ezagutzeko leiho irekia

Hasier Larrea 2022ko mar. 11a, 16:00

Obrako protagonista leiho karraturantz begira, eta bertan, imajinatzen ari den irudia. (Irudia: Gerardo Sanz).

Paraiso antzerki konpainiak 'Leihoak' ikuskizuna taularatuko du bihar, 17:00etan hasita, Amaia antzokian. Etxeko txikienei begira sortutako obra da, eta gauzak lehen aldiz ikustean sortutako zirrara landu gura du, eraikitako irudi eta soinuen bitartez.

Arrasateko Udaleko Kultura Sailak Leihoak haur antzerki saritua programatu du zapaturako. Hain zuzen, Espainiako haur antzerki sariketa garrantzitsuenetako batean, Gijongo Feten ferian, obrarik onenaren saria jaso zuten Paraiso konpainia gasteiztarreko antzerkigileek.

Antzezlanaren sorkuntza eta interpretazioko partaide Rosa A. Garciaren esanetan, azken emaitzara heltzeko "lan handia" egin behar izan dute proiektuko kideek: "Honako galdera hau proposatu genuen: Nola irakurtzen dituzte haurrek irudiak? Horri erantzuten saiatzen gara funtzioan zehar, leihotik isilean begiratzen dutenean ez dakizulako begien aurrean dutena edo imajinatzen ari direna ikusten duten".

Hartara, oinarrizko sentsibilitateak landuko dituzte, "euria, elurra, zerua, itsasoa, landareak" eta halako elementuak gorputz mugimenduekin, objektuz, argiz eta itzalez eraikitako irudiekin eta soinu zainduekin taularatuta.

EKAITZAGATIK ETXETIK IRTEN EZIN DEN ANTZEZLEAK MUNDU BERRI BAT DESKUBRITUKO DU

Hitzik gabeko kontaketa

Ekaitzagatik etxetik irten ezinik dagoen emakume batek –Garcia bera– eramango du kontaketaren pisua, eta leihoaren beste aldean agertuko den Jone Amezaga dantzariak gerturatuko du haurren iruditegia. Eszenatokian bi pertsona bakarrik agertuko diren arren, profesional askoren eskua igarriko du ikusleak kontaketan zehar; tartean, Jesus Nieto zuzendariarena, Alejandra Calderon estilistarena eta Pedro Guirao musikariarena. Protagonistek ez baitute hitzik egingo, irakurketa ireki bat iradokitzea baita lanaren asmoa: "Kartelean 2 eta 5 urte artekoei zuzendutakoa dela esaten dugu, baina haur gazteagoak eta zaharragoak ere etor daitezke. Eta gurasoak, noski; beraiei konfinamendua etorriko zaie gogora, leihotik kanpora begiratuta konektatzen baikenuen orduan munduarekin".

"Lotura zoragarria"

Ildo beretik, haurren eta gurasoen artean sortzen den emozioa gau-za ederra dela azpimarratu du Garciak, "gauzak lehen aldiz deskubritzearen kuriositatea" berreskuratzen baitute nagusiek. Aldiz, txikienek arreta berezia-rekin jarraitzen dute kontaketa: "Intentsitate handiz begiratzen dute, gorputz osoarekin sentitu eta amaieran besarkatzen zai-tuzte. Bizi osoa daramat hau-rrentzako antzerkia egiten eta harrera hori da gehien gustatzen zaidana", ondorioztatu du. Obra bera bezala, hitzik gabe geratu nahi duenak badaki non daukan hitzordu interesgarria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak