Liztor beltzaren aurkako tranpatze kanpaina abian da

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mar. 8a, 09:58

Xabier Herrarte udal teknikaria, iaz, tranpa bat kentzen.

Arrasateko Udalak 44 puntutan jarriko ditu tranpak, herrian sakabanatuta, eta horretarako, iazko kanpainaren emaitzak kontuan hartu eta habiak kendu ziren tokiak indartuko ditu. Horrez gain, borondatezko talde batek,
erlezainak gehienak, herriko beste sei puntutan jarriko dituzte 18-20 tranpa.

Azken horiei, Arrasateko Udalak lagunduko die, tranpak utzi eta barrura botatzen zaien erakartzeko likidoa emanez. Haiek, trukean, udalak egiten duen bezala, astero-astero tranpak berrikusi eta harrapatutako liztor kopuruaren datuak jasoko dituzte, ondoren udal teknikariak datuok bildu eta Gipuzkoako Foru Aldundira bidaltzeko.

Bi sistema erabiliko dituzte

Aurten, iaz bezala, bi tranpa mota erabiliko dituzte: selektiboa, EVA deritzana (liztorrak bakarrik harrapatuko lituzkeena) eta AVISPACLAC erakoa. Azken horrek, intsektu mota guztiak harrapatzen ditu "inongo bereizketarik" egin gabe, "nahiz eta liztorrak harrapatzeko, bestea baino askoz eraginkorragoa izan", Xabier Herrarte udal teknikariaren arabera. "Aurten ordea, azken honi moldaketa bat egin diogu, ea neurri batean, selektibo bihurtzea lortzen dugun", gaineratu du.

Herrarte, iaz, bi tranpatze sistemekin.

Iaz hasi ziren EVA erako tranpa berria frogatu, bien tranpen arteko aldea ikusi eta datuak biltzen. "Foru Aldundiak asko eskertu du Arrasateko Udalak egindako ahalegina, eta horren lekuko, Aldundiak urtero argitaratzen duen Vespa velutina liztorren desaktibazioaren emaitzen txostenean, datuok azaldu eta nabarmentzen dira. Bide batez, aurten ere, ahal dela, berdin jarraitzeko eskatu digute, eta gure partetik ahal dena egiteko prest azaldu gara".

Herrartek nabarmendu duenez, helburu bakarra Vespa Velutina edo liztor beltza harrapatzea da, gainontzeko basa animaliei "ahalik eta kalte txikiena" eraginez. "Horregatik, tranpa hauek jartzeak ezin dezake baldintzatu gainerako espezieen biziraupena. Bestela, liztor beltzak berak eragin dezakeena baino kalte handiagoa eragin dezakegu guk".

Herritarren laguntza eskatu dute

Urtero moduan, herritarren laguntza eskertu eta parte hartzea bultzatu nahi du Arrasateko Udalak. Horretarako, hainbat telefono zenbaki jarri ditu herritarren eskura, "arazoren bat izan edo habiaren bat ikusiz gero", deitzeko.

Harremanetarako kontaktuak:

  • BAZ ……………………….……...943 25 20 00
  • UDALTZAINGOA……………..943 25 20 10
  • UDAL TEKNIKARIA…………..628 11 56 73

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak