Bartzelonan bizi eta filmatze espazioen agertokiak sortzen jarduten du ogibidez Txabarrik, eta Mugimendu Feministako kide da urte luzez. Bi arloak batuta abiatu zuen orain dela hilabete batzuk Catarsi Feminista ekimena, gorputz aniztasunetik lan eginez eta ikuspegi feministatik, argazkigintzaren bidez transmititutako sormen-espazio kritikoa da.
Euskal Herriko zortzi emakume ezagunen –La Furia, rap-abeslaria; Itziar Ituño aktorea; Onintza Enbeita kazetaria eta bertsolaria; Olaia Murua, Arrasateko AEK-ko irakaslea; Iraitz Agirre antropologoa eta komunikatzailea; Irantzu Varela Faktoria Lila-ko kazetaria; Ainhoa Vitoria Gaztea-ko kazetaria eta Ana Goitia ETBko kazetaria– erretratatuak eta gai ezberdinei buruzko adierazpenak eta hausnarketak batu ditu Txabarrik herriko, eskualdeko zein Euskal Herriko profesionalekin elkarlanean.
Gaztetxea lepo beteta
Jakin-mina sortu du ekimenak eta horren erakusle atzo Arrasateko gaztetxean bildutako publiko zabalak egindako txalo zaparradak. Andrea Gonzalez Gazteako kazetariak gidatutako aurkezpenean argazki eta bideoen proiekzioak egin zituzten, Ana Goitiak bakarrizketa-saioa egin zuen gero, eta ekitaldia borobiltzeko Ekiñe Casado, Ainara Kortabarria eta Iraitz Agirre Arrasateko musikariek borobildu zuten saioa.
Martitzenean, martxoak 8, ekimenaren eta ekitaldiaren gaineko erreportajea ikusgai, Hemen Debagoiena saioan.