"Ni zinegotzi sozialista izan nintzen Granada hiriburu alboko herri txiki batean, eta Isaias Carrasco zinegotzi izan zen garai berean izan nintzen neu ere hautetsi. 2008ko martxoaren 7an entzun nuenean Arrasateko zinegotzi sozialista bat erail zutela, bereziki eragin zidan. Egoera harekin eta Isaiasekin identifikatu nintzen", adierazi du Larak aurkezpenean.
Semea zuen hemen lanean ibilia, eta haren eta neskalagunaren arteko maitasun istorioa ere, fikzionatua, jasotzen du nobelak. Dokumentazio lana egiteaz gain, nobela idazteko sarri etorri izan zen Lara Andaluziatik Arrasatera: "Hiri honetako txoko denetan ibili naiz. Oharrak hartu ditut, plaza batean jarrita egon naiz, jendearen joan-etorriak eta elkarrizketak behatzen...". Horrela, autoreak egiazkotasun kutsua eman nahi izan dio lanari.
Liburuaren aurkezpen ekitaldian halako lanen garrantzia nabarmendu du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako sozialisten buruak, gazteek, adibidez, gertatu zenaren berri izan dezaten. Isaias Carrasco zenaren etxekoek ere pozik hartu dute liburua: "Denbora bat bada Antoniok idatzi zidala esanez liburu bat egin zuela hemen gertatzen zenari buruz. Eta badut irakurtzeko gogoa, berari entzun eta gero nola sortu zitzaion ideia eta egin duena jakinda, gogo handiagoa dut", zioen Sandra alabak.
"Beste ikuspegi bat espero dut. Berak esan duen bezala, hemen oso ikuspegi desberdina dugu, desberdin bizi izan dugu gertatutakoa. Harritu ninduen eta gustatu zitzaidan liburua idazteko ideia. Gurekin harremanetan jarri zen gure ikuspegia ezagutzeko, eta guri gustatu zitzaigun ideia", Ainarak, beste alabak.
Beste hainbat senide, ordezkari sozialista eta lagunak, eta hainbat herritar izan dira Kulturateko ekitaldian.