Ukrainako gerrako biktimei laguntzeko bideak irekitzen ari dira Udala eta tokiko erakundeak

Hasier Larrea 2022ko mar. 4a, 12:32

Koordinazio-mahai bat eratu du Arrasateko Udalak Caritas, Gurutze Gorria, Harreman, Aita Menni ospitalea, IMME, EKIN Emakumeak, AMS, Amerika Elkartea eta Goyeneche Fundazioarekin. Errefuxiatuendako ostatuak egokituko dituzte frantziskotarrek eta  Aita Menni eta San Juan de Dios ospitaleek; herritarrek beste horrenbeste egin dezakete, BAZen egingo den zerrenda batean izena emanda.

Ukrainako inbasioak eragindako egoeraren larritasuna ikusita, Arrasateko Udalak, herriko hainbat erakunde eta elkarterekin batera, gerrako biktimei laguntza emateko abian jar daitezkeen ekimenak modu koordinatuan lantzea adostu du.

Ukraina-Euskadi elkarte soziokulturalak eskatuta, oinarrizko lehengaiak biltzeko Udaleko Gizarte Zerbitzuen ondoko lokala jarri dute eskura, Txaeta kaleko 3. atarian.

Errefuxiatuentzako ostatuak

Udalak bere baliabideak Eusko Jaurlaritzaren esku jarri ditu, baina udalerriko erakunde batzuek aldi baterako lagatako etxebizitzak zein ostatua bilatzeko lan bat ere egiten ari da, Ukrainako migratzaileak hartu ahal izateko. Udaletik adierazi dutenez, "oraingoz, Aita Menni ospitaleak eta San Juan de Dios ospitaleak migratzaileak hartu ahal izateko etxebizitzak eta ostatua jarri dituzte eskuragarri. Era berean, frantziskotarrek San Frantzisko elizan dagoen ostatua laga dute, eta merkataritzakoekin hizketan ari dira Mesedeetako Etxea erabili ahal izateko".

Era berean, Ukrainako errefuxiatuei harrera egiten lagundu nahi duten pertsonek BAZen bitartez jakinarazi dezakete: "Etxebizitza hutsa aldi baterako laga edo etxean pertsonak hartu nahi dituenak BAZen egingo den zerrenda batean izena eman dezake". Eskaintzak Eusko Jaurlaritzak horretarako prestatutako helbide elektronikora –Errefuxiatuak@euskadi.eus– ere bidali daitezke.

Gainera, era guztietako laguntza-ekimenak koordinatuko dira, "Arrasaten berehala kokatuko diren herritar ukrainar batzuek beharko dituztenak ziurrenik, familia-laguntzarako sare bat baitute".

Laguntzeko modu ugari

Arrasateko herritarrek dagoeneko martxan dagoen herri-kanpainan eskatutako produktuak emanda edota gerra-eremuan lanean ari diren erakundeen bitartez ekarpen ekonomiko bat eginez lagun dezakete.

Udalaren esanetan, "oraindik goiz" da laguntza humanitariorako behar diren baliabide guztiak identifikatzeko, "gerraren eta Ukrainako biztanleriaren ihesaren bilakaerak zehaztuko baititu beharrizanak. "Baina saiatuko gara Arrasatetik, bai Udala, bai erakunde eta elkarteak eta baita bertako biztanle guztiok  egoera larri horren aurrean behar bezala erantzuten".

Hala, sortu duten koordinazio-mahaiak aldian-aldian emango die herritarrei bultza daitezkeen ekimenen berri.

Ekarpen ekonomikoak egiteko kontu korronteak

 

  • HARREMANen bitartez lagundu nahi izanez gero:
    Laboral Kutxa: ES23 3035 0001 50 0010042825
    Kutxabank: ES95 2095 5055 51 1061985981

 

  • CARITAS ARRASATEren bidez laguntzeko:
    Laboral Kutxa: ES38 3035 0001 55 0010103614
    Kutxabank: 2095 5055 55 1075081967

 

  • Gurutze Gorriaren bidez:
    Laboral Kutxa: ES90 3035 0050 71 0500046056
    Kutxabank: ES65 2095 5092 08 1061617790

 

  • Ukraina-Euskadi arteko garapen eta kooperaziorako elkarte sozio-kulturalaren bidez:
    ES16 2095 5001 0091 1443 7029
Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak