Maria Ubarretxena: "Garai aldaketaren aurrean asmatzen jakin behar dugu"

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mar. 4a, 10:41

Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea, Iturriotz kalean.

Euzko Alderdi Jeltzaleak Entzunez eraiki ekimena jarri du martxan. Entzuketa aktiborako, elkarrizketarako eta lankidetzarako prozesu bat da eta gizarte-politikak, klima-aldaketa, sustapen ekonomikoa, gobernantza eta euskara aztergai hartuta martxan da udara arte iraungo duen egitasmoa. Modu honetan, alderdi jeltzaleak bere proiektu politikoa herritarrekin partekatzeko eta etorkizuna modu kolektiboan eraikitzeko urratsak egin nahi ditu.

Bide horretan, Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea parte hartzen ari da lan-saioetan, eta ekonomiako blokeetan jardungo duela adierazi du.

Entzunez eraiki egitasmoaren helburu nagusia zein da?

Gure alderdiak beti nahi izan dio gizarteari entzun, eta, urteen poderioz, horrela joan izan dira politikak egiten, eta orain, prozesu honekin, entzute aktiboa egin nahi da, eta horretarako saio dinamiko batzuk antolatu dira. Saio irekiak dira, eta, hain zuzen ere, formatzea, gure arteko elkarrizketak sustatzea eta herritarrei entzutea da asmo nagusia.

Lan-saioetatik zer atera nahi da?

Dinamika hauetan etorkizuneko ikuspuntuak ematen dira. Gure alderdiak ikusten du Euskal Herriak erronka nagusi batzuk izango dituela mahai gainean. Zeintzuk diren identifikatu nahi dira, eta, erronka horiei erantzun bat bilatze aldera, erantzun horretan asmatu nahi da. Formakuntza hauetan eskarmentua duten pertsonek hitzaldiak ematen dituzte eta entzuten eta ikusten duguna ondoren talde txikietan lantzen dugu. Profesionalen iritzia jasotzea garrantzitsua da, eta hori egiten da, lehenbizi, baina, aldi berean, herritarrek nola ikusten duten etorkizuna eta zer duten esateko jakitea ere inportantea da.

Gipuzkoako bigarren saioa Arrasaten egin zen, otsailaren 26an. Zer izan zenuten hizpide?

Goiz osoa pasatu genuen Etxaluzen, adinekoen egoitzan, eta taldeko lana interesgarria izan zen. Bertan parte hartu genuenoi eskatu zitzaigun Euskal Herriko eta, batez ere, Gipuzkoako ehun-industrialaren eta ekonomikoaren ahultasunak eta etorkizuneko erronkak identifikatzea. Ikusten da kezka bat dagoela; gure gizarte-ongizate sistema oinarrituta dugu aurreko belaunaldiek egindako lan batean, mundua aldatu egin da, eta gaur egun, sistema hori kolokan jarri dezaketen kanpoko elementu batzuk ditugu. Horiek identifikatzea izan zen erronka, eta saio ederra atera zela uste dut.

Azpimarratzeko ideia nagusirik?

Globalizazioak, eraldaketa teknologiko handiek, lotura sozialen ahultzeak, krisi energetikoak eta biztanleriaren zahartzeak dakartzaten erronka handiak azpimarratu genituen. Kontuan izan behar dugu Gipuzkoak duen tamaina, eta hori ahultasun bat da etorkizunera begira. Aurrera egin nahi badugu, eraldaketa bat sufritu beharko dugu; bide egokia asmatzen sekulako erronka izango dugu. Paradigma aldaketa nagusi bat sufritzen ari gara; batzuek esaten dute aldaketaz betetako garai batean gaudela eta beste batzuek diote garai aldaketa batean gaudela. Nik uste dut garai aldaketa batean gaudela, eta hori aurre egiteko beharrezkoa izango da asmatzea, eta erabaki indartsuak hartu beharko dira.

Lan-saio hauetatik aterako diren ondorioekin zer?

Prozesu honek udara arte iraungo du, eta ondorioak atera ondoren dekalogo batzuk osatuko dira, eta horietatik ateratako politikak izango dira EAJk mahai gainean jarriko dituenak etorkizunari aurre egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak