Iban Diaz: "Hasieran, biharamunaz antolatzen genuen bizikleta martxa"

Xabier Urtzelai 2022ko mar. 4a, 12:00

Iban Diaz.

Musakolako jaiak antolatzeko batzar batetik irten da Iban Diaz (Arrasate, 1973) GOIENAren deiari erantzuteko, nahiz eta batzar hori ez zen, hain zuzen, maiatzaren 8an egingo duten mendi bizikletaren martxaren gainekoa. Hor lanak bideratuta izango dituzte, seguru, eta dagoeneko 100 lagun pasatxok eman dute izena: kirolprobak.com.

Zelan darama Musakolan jaiotako batek kalean bizi izatea?

Ahal den moduan; kar-kar. Nik gurago nuen Musakolan bizi: giro lasaiagoa, lagunak bertan, aparkatzeko ere arazo gutxiago, baina...

Dagoeneko urteak daramatzazue jaietan Musakolako martxa antolatzen...

Bai; aurtengoa 13. edizioa izango da. Gogoan dut 2008an Musakolako jaiak antolatzen zituen batzordeko kideek erreleboa hartzeko eskatu zigutela hainbat kuadrillari. Eta halaxe sartu ginen jende gaztea. Jaiei beste bultzada bat emateko asmoz bururatu zitzaigun mendi bizikleta martxa egitearena. Lehenago jaietan bizikleta lasterketa moduko bat antolatzen zuten, nahiko katxondeo giroan. Eta ideia errekuperatzea pentsatu genuen, baina eguneratuta.

Martxa bera asko aldatuko zen urte hauetan...

Bai, zalantza barik. Azken batean, mendi bizikleten martxak, orokorrean, asko aldatu dira, eta gurea ere egokitzen joan gara. Lehen, mendiko pistak erabiltzen genituen ibilbidea egiteko, baserri bideak erabiltzen genituen... Orain, erabiltzailea zorrotzagoa da, bidetxurrak eskatzen ditu, tarteka zailtasuna daukaten jaitsierak... Lana ematen du horrek, baina jendea gustura joaten da Musakolatik. Hor, baina, ondo neurtu behar izaten dugu ibilbidearen zailtasuna, denetariko jendea erakarri nahi izaten dugulako, ez oso ondo dabiltzanak bakarrik.

Zuek ere ibiltzen zarete martxa batera eta bestera?

Bai; azkenean, hainbat bizikleta-zale gaude taldean, eta geu ere beste leku batzuetako martxetara joaten gara. Hala, ideia berriak hartzen saiatzen gara, zer merezi duen gurera ekartzea, zer ez...

Izen-ematea Internetez egiten duzue. Hori aurrerapausoa da...

Handia! Pentsa, lehen, egunean bertan hartzen genituen izenak, goizeko lehen orduan. Eta ez genuen jakiten zenbat azalduko ziren irteera puntura. Ez da gauza bera 70 lagunendako martxa antolatzea, edo 300 lagunendako. Korrika batean joan behar izaten genuen luntxerako janari gehiago erostera... Orain, egunean bertan 50 lagunendako tokia baino ez dugu gordetzen.

Musakolako martxako irteera, 2018an.

Zenbat lagun ibiltzen zarete antolaketa lanetan?

Martxako antolaketan hamar lagun inguru ibiliko gara, baina gero, martxako egunerako jende asko behar dugu. Guztira, 55 boluntario inguru izaten dugu ibilbidea zaintzen, anoa-postua prestatzen, martxa ondorengo luntxa antolatzen...

Hor egoten da giro ona...

Zalantza barik! Gurean ez ditugu azkarrenak saritzen, jaietako egitarauko hitzordu bat da, eta bilatzen duguna da martxa ostean helmugan giro polita egotea, jendea berriketan geratzea. Helburuetako bat bada auzoan bertan eguerdi partea girotzea.

Baina lehen, jaietako asteburuan antolatzen zenuten martxa, eta orain, astebete lehenago. Zergatik?

Jaietako asteburuan antolatzen genuenean gauean parranda egin eta hurrengo egunean sekulako biharamunarekin joaten ginelako martxa antolatzera! Kar-kar-kar... Boluntario batzuek azken orduan kale egiten zuten... Ez zuen merezi horrela ibiltzea; gainera, herritarrek parranda egitearen edo martxara etortzearen artean aukeratu behar zuten. Hobe da horrela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak