20 urtez espetxean egon ondoren, Anak asteburu-pasa gonbidatzen ditu bere gaztaroko bi maitale ohi. Arazoa da ez batari ez besteari ez diola esaten hiru izango direla. Hala, bi gizonek pentsatzen dute eurak izango direla bakarrak Anari konpainia egiteko, eta hor hasten dira arazoak. "Hortik beste hari bati egingo diogu tira, gizonen eta emakumeen arteko maitasunari buruzko trufak eginez", azaldu du Manex Fuchsek, kolektiboko kideak eta antzezleetako batek.
Anaren pertsonaia Maite Larburuk antzezten du; Aitorrena, berriz, Ximun Fuchsek. "Bigarren hori familia bateko aita da, hiru seme-alaba baititu. Dena den, bizitza erdiko ataka horretan dago. Txolarre, berriz, Aitorren antonimoa da, bikote librean bizi baita. Nik antzezten dudan pertsonaia da hori", dio Fuchsek.
Axut kolektiboak sortu du antzezlan hau. "Bost lankide gara eta guztion arteko elkarlanean idatzi dugu hasieratik. Beraz, oso gurea den obra bat da eta horrek erraztu egin digu bakoitzak bere rola bere neurrira antzeztu ahal izatea, baita norbere buruari burla gaizto zein zintzoa egiteko aukera ere. Hori lagun artean egitea baino hoberik ez dago".
Musikak indar handia du
Maite Larburu, musikaria izateaz gain, oso maila oneko aktorea dela ere erakusten ari da antzezlan honekin. "Bere lehen antzezlana da, baina antzerkilari sena aspaldikoagoa dela garbi dago. Benetan harrigarria da oholtza gainean ematen ari den maila. Gainera, publikoak gehien jarraitzen duen pertsonaia berea da, obra honek Anaren istorioa kontatzen duelako, batik bat. Lan ederra, irrigarria eta hunkigarria egiten du".
Era berean, Larbururen musikak girotzen du emanaldia. "Nolabaiteko markaketa bat egiten du musikak, elipsiak eginez. Hainbat unetan, Maiteren abestiek hartzen dute protagonismoa, aldi berean bere pertsonaiaren barne mundua adierazteko balio dutenak. Ikusgarria da nola pasatzen garen antzerki batetik kontzertu batean egotearen sentsazioa izatera. Indar handia hartzen dute berak kantatzen duen momentu horiek".
Maitasunaren alde kulturala
Ikuskizunak galdera asko sorrarazten dizkio ikus-entzuleari. "Uste duguna baino kulturalagoa da maitasunaren ikuspegia. Hau da, uste dugu zerotik erortzen zaigun kontu bat dela, baina laster ohartzen gara irakatsitako ereduak irentsita ditugula denok eta zaila zaigula eredu horietatik ateratzea. Beraz, hortik dator gure buruari buruzko burla hori".
Harrera "oso ona"
Manex Fuchsen hitzetan, 2021ean estreinatu zenetik, harrera oso ona izan du ikuskizunak orain arte. "Horrelakoetan beti gauza bera esaten da, baina benetan hala da. Komedia bat izanda, maitasuna eta mundua ikusteko gure moduak parekatzen dituenez, gure buruaz barre egiteko aukera ederra ematen digu. Pandemian sortu dugun antzezlana denez, publikoak eskertzen du mota honetako komedia".