"Nola lortu dezakegu berme hori?", dio Abuinek. "Prozesuaren ondoren herri galdeketa eginda. Hor ikusiko litzateke herritarrak gustura dauden edo ez. Ezin dena da herritarrei galdetu barik aldaketak egin, akats berdinak egingo baitituzte horrela", azpimarratu du.
Era berean, Maria Ubarretxena alkateak esandakoen harira, hainbat kontu argitu gura izan ditu, "zenbait gezur" esan zituela argudiatuz. "Alde batetik, esan zuen Mugikortasun Plana eta TAOren ordenantza sekula ez zituztela inoiz nahastu eta, bestetik, nabarmendu zuen ez zegoela urtebeteko epea finkatuta aldaketak egiteko. Hemerotekak erakutsi du hori gezurra dela. Bestetik, alkateak aipamen zuzena egin zion nik ordezkatzen dudan alderdiari eta niri ere bai, esanez bi gauza horiek nik asmatu nituela osoko bilkuran, eta hori gezurra da".
Alkateak TAOarekiko daukan jarrera argitzeko eskatu zion Podemos Arrasateri. "Gure jarrera beti izan da berbera, hasieratik. TAO eredu hau ez dugu inoiz babestu, hasieratik aurka bozkatu izan dugu", erantzun dio Abuinek.
Hori dela eta, alkateak hausnarketa "sakon" bat egin beharko lukeela berretsi du, "eta ez nahastu bazterrak gezurrekin". Alkateak aurpegia eman beharko lukeela gaineratu du, eta "bere erabaki politikoaren ardura" hartu. "Guztiok egiten ditugu akatsak, baina horiek onartu eta gauzak beste modu batera egin daitezke. Autokritika bat egin beharko luke Gobernuak, pasatu denetik ikasi, eta gauzak ondo egin".
Azkenik, Abuinek Gobernuari eskatu dio azal dezala zergatik ezin duten sinadura bilketak eskatzen duen erreferenduma gauzatu. "Gobernuak azpikontratu bat egin zuen enpresa pribatu batek TAO sistema kudeatzeko, oposizioaren aurkako bozken gainetik, eta udaletxea 6 urterako lotu dute erabaki honekin", bukatu du.
Batzarra, egubakoitzean
Bestalde, egubakoitzean, batzarra egingo du Podemos Arrasatek, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan, 18:00etan. "Gerturatu eta parte hartu", azaldu dute.