EAJren 'Entzunez Eraiki' dinamikaren bigarren saioa, zapatuan Arrasaten

Jon Irizar Aranguren 2022ko ots. 22a, 13:50

'Entzunez Eraiki' dinamikako talde eragilea –Maria Ubarretxena tartean–, Donostian dagoen 'Eraikuntza Hutsa' Oteizaren obraren aurrean. (Argazkia: Erantzunez Eraiki)

Euzko Alderdi Jeltzaleak Entzunez Eraiki "entzute aktiboko prozesua" jarri du abian, gizarte-politikak, klima-aldaketa, sustapen ekonomikoa, gobernantza eta euskara aztergai hartuta. Eredu sozioekonomikoaren etorkizuna eztabaidagai izango den zikloko Gipuzkoako bigarren saioa Arrasaten egingo da; zehazki, hilaren 26an, zapatua, 9:30etatik aurrera Abaroa zahar egoitzan.

Proiektu politikoa "herritarrekin partekatu eta modu kolektiboan eraikitzeko", azaroan aurkeztu zuen Entzunez Eraiki dinamika Xabier Barandiaran Euzkadi Buru Batzarreko Berrikuntza Politikoko arduradunak. Lurraldez lurralde egingo da "entzute aktiboaren, elkarrizketaren eta lankidetzaren" dinamika urria bitarte, jeltzaleen Agenda 2030 proiektuko erronkekin lotura duten bost lan-ildo edo aztergai nagusirekin: gizarte-politikak, klima-aldaketa, sustapen ekonomikoa, gobernantza eta euskara.

"Gure ereduaren nortasun ikurra diren elkarrizketa eta adostasunen bilaketa indartu nahi dugu", adierazi du prentsa ohar bidez Imanol Lasa GBBko Berrikuntza Politikoko arduradunak, "gure erronkei izaera kolektibotik eta komunitate bateko kide izatearen zentzutik aurre egitean datzan eredu hori, alegia".

Zapatuan, Arrasaten

Politika sozialak landuz, Errenterian abiatu zen joan zen zepatuan Gipuzkoako dinamika. Arrasateko Abaroa zahar egoitzan izango du zapatuan bigarren geldialdia. 9:30etatik aurrera, eredu sozioekonomikoaren etorkizuna izango dute aztergai, besteak beste, Jabier Larrañaga Ekonomi Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuarekin eta Maria Ubarretxena Arrasateko alkate eta dinamikako garapen ekonomikoaren arloko arduradunarekin.

Oharrean adierazi dutenez, "afiliatu alderdizaleei zein herritar guztiei" dago irekita saioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak